AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/01/18 09:21

Huste arriskuan jarraitzen du Zestoako (Gipuzkoa) Gaztetxeak. Urtarrilaren 24an epaituko dituzte bi gazte Azpeitian (Gipuzkoa), Gaztetxearen kontrako prozedura judizialari lotuta: kalte-ordain eta isun handiak eskatzen dituzte haientzat. Epaiketa horren barruan erabakiko dute, gainera, espazioa hustuko duten edo ez eta, desalojoa agintzekotan, noiz izango den.

Zestoako Gazte Asanbladak iazko otsailean birjabetu zuen Elizondo eraikina izandakoa, Gaztetxe bilakatzeko. Izatez, Elizaren jabetzakoa da eraikina, eta salaketa bat jarri zuen Gipuzkoako Gotzaindegiak. Horren ondorioz, iazko apirilean epaitu zuten Gazte Asanbladako kide bat, baina absolbitu egin zuen epaileak.

Gazte Asanbladak maiatzean jakinarazi zuen Elizak berriz egin ziola mehatxu: hilabetea bukatu aurretik Gaztetxea husteko esan zien gazteei, eta, egiten ez bazuten, bide judizialarekin aurrera jarraituko zuela. Horixe egin du azkenean, eta aurrera doa Gaztetxearen kontrako prozedura.

Zestoako Gazte Asanbladak eta Langile Kontrolpeko Espazioen Defentsa Komunitateak kanpaina bat izan dute martxan: Zestoako Gaztetxearen alde, "salerosketaren eta diruaren Elizari" apostasia egitera deitu dute azken asteetan. Atzo jakinazi zuten arrakastatsua izan dela kanpaina: 700 apostasia eskaera bildu dituzte Gipuzkoan, eta Euskal Herrian inoiz egin den apostasia kolektiborik handiena ari da izaten.

Bihar protesta Donostian, eta hurrengo asteazkenean epaiketa

Zestoako Gaztetxearen kontrako prozedura eten dezatela exijitzeko, bihar, hilaren 19an, elkarretaratze bat egingo dute Donostian (Gipuzkoa). Zestoako Gazte Asanbladak eta Langile Kontrolpeko Espazioen Defentsa Komunitateak deituta, Artzain Ona katedralean izango da protesta, 18:00etan hasita.

Bestalde, hurrengo asteazkenean, hilaren 24an, izango da Gaztetxearen aurkako epaiketa. Egun horretarako ere egingo dute mobilizazio deialdi bat, eta laster emango dute horren berri.

EZ DAGO IRUZKINIK