AKTUALITATEA / Errepresioa
Kontrol sozialaren aurka mobilizatu dira Gasteizen
"Udaletik zein gobernuetatik ezartzen ari diren neurri autoritarioak" eta "sekuritarismoaren diskurtso arrazista eta klasista" salatu zituzten ostiralean, Gasteizko Gaztetxeak antolatutako manifestazioan.
2026eko ekainaren 22 - 08:37
Kontrol sozialaren aurka mobilizatu dira Gasteizen

Ez dute lortuko! Kontrol soziala borrokatu! lelopean, mobilizazio bat izan zen ostiral arratsaldean Gasteizko (Araba) Alde Zaharrean, bertako Gaztetxeak deituta. Udaletik (PSE-EE) auzoan ezartzen ari diren kontrol-neurriak salatu zituzten manifestazioan, besteak beste, kontrol poliziala eta bideo-kamerak.

"Gure kaleak kameraz josita daude, eta Poliziaren presentzia geroz eta itogarriagoa da. Horrek zuzenean kolpatzen du gure intimitaterako eskubidea, eta bereziki, instituzioetatik kanpo kalean antolatzeko bermea", seinalatu zuten Gaztetxeko kideek manifestazioaren amaieran. "Udaletik zein gobernuetatik ezartzen ari diren neurri autoritarioak" gaitzetsi zituzten hala, baita "horrekin batera zabaltzen ari den sekuritarismoaren diskurtso arrazista eta klasista" ere.

"Eraso bakoitzari erantzuten jarraituko dugu, geroz eta gehiago izan gaitezen eta geroz eta gaitasun handiagoak izan ditzagun", aldarrikatu zuten Gaztetxetik: "Bihartik aurrera ere gazteon artean antolakuntza independentea indartzen jarraituko dugu".