AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2021/12/07 11:58

Erraki Langile Kontrolpeko Babes Sareak antolatuta, Espazioen gaineko langile kontrola jardunaldiak egin dituzte asteburuan Azpeitian (Gipuzkoa). Hasiera batean Legution (Araba) egitekoak ziren arren, hango udalak jarritako debekuaren ostean erabaki zuten jardunaldiak Azpeitira lekualdatzea, hango espazioek jardunaldiak modu seguruan egitea ahalbidetzen zutela iritzita. Eta horrela izan da.

Aste osoko lanaren ostean, larunbatean hasi ziren jardunaldiak Esklabak Zentro Sozialistan, jardunaldietara bertaratutako ehunka lagunei harrera egin ondoren. Euskal Herriko hamaika txokotatik joan ziren Azpeitira, baina baita Espainiako Estatuko hainbat eta hainbat lekutatik ere.

Larunbateko hitzaldietan Euskal Herriko okupazio mugimenduaren historiaz eta etxebizitzaren arazoaz aritu ziren. Igandean, aldiz, jabetza pribatuaren defentsa mekanismoez, langile kontrolaz eta estrategia sozialistaz. Hona hemen saioz saio aletukoak.

Okupazio mugimendua eta etxebizitzaren auzia

Errakiren esanetan, Euskal Herriko okupazio mugimenduaren inguruko azterketa bat egitea ezinbestekoa da egungo belaunaldiak herentzian jaso duen testuinguru politikoa ulertzeko eta horren aurrean arrazionaltasunez jokatzeko. Gaztetxeen, etxebizitzen eta auzo eta herrien okupazioak izan dira Euskal Herrian azken 40 urteetan, eta okupazio-prozesu horien existentzia ahalbidetu zuten aldagaiez hitz egin zuten larunbateko hitzaldietako batean.

Horretarako, Europan izandako okupazio-zikloaren sorreraren testuingurua, Euskal Herrian prozesu horrek hartu zuen forma konkretua eta okupazio mugimenduak bere garapenerako erabilitako bideak aztertu ziren, gaur egungo egoeraren gaineko diagnostiko bat osatzeko.

Okupazio mugimenduaren baitan sortu eta elikatu den mundu ikuskeraren gaineko hausnarketa kritiko batetik, okupazioaren proiekzio estrategiko berri baten beharraz ere hitz egin zen, okupazioaren adiera ofentsibo baterako oinarriak jartzeko beharra ezinbestekoa dela azpimarratuta.

Etxebizitzaren auziak, bestalde, beste hainbat ertz ditu, eta horiek ere aztertu zituzten larunbateko solasaldietako batean. Langile klasearen bizi-baldintzen aurkako eraso orokortuek definitzen duten testuinguru batean, etxebizitzaren auziak aparteko garrantzia hartzen duela azaldu zuten hitzaldian.

Etxebizitza da kontsumo funtsaren zatirik handiena eratzen duen aldagaia. Hori dela eta, eta bereziki bizi dugun moduko krisi testuinguru batean, beharrezkotzat jo zuten higiezinen merkatuan nola esku hartzen den ulertzea, etxebizitzaren arazoa zergatik gordintzen den ulertu ahal izateko. Lehen puntu bezala, beraz, etxebizitzaren auzia koiuntura horretan kokatu ahal izateko analisi orokor bat egin zuten.

Auzi horri helduta antolatzera jo duten hainbat eragile deskribatu eta definitu zituzten gero. Horietako batzuk, bizilagun elkarteek kasu, ibilbide luzea dute; beste batzuk, aldiz, etxebizitza sindikatuak kasu, 2008ko krisiaren testuinguran sortu ziren. Errakiren arabera, etorkizunari begira garrantzitsua da etxebizitzaren arazoari erantzun bat emateko jaio diren antolakuntza forma horien elementu nagusiak aztertzea. Etxebizitza alorrean egiten den esku-hartze orok estrategia komunista bat indartzeko beharko lituzkeen baldintzen inguruan ere aritu ziren.

Larunbateko bi solasaldien ostean, afariarekin amaitu zen jardunaldietako lehen eguna. Igande goizean ekin zieten berriro eztabaidei eta hausnarketei.

Jabetza pribatua, langile kontrola eta estrategia sozialista

Igandean hitzaldi bakarra izan zen azkenean, jabetza pribatuaren defentsarako mekanismoen, langile kontrolaren eta estrategia sozialistaren ingurukoa. Hizlariek azpimarratu zutenez, krisi kapitalistaren ondorioz gizartearen sektore zabal baten pobretzerako joeraren hipotesia frogatu da jada errealitatean. Bizitzaren kostuak etengabe goraka doaz eta dagoeneko bizirautea da askoren erronka.

Azaldu zuten, gainera, zentro sozialek, gaztetxeek eta antzeko gune politikoek bizirauteko gero eta zailtasun handiagoak dituztela. Ez dago norabide estrategikorik, nabaria da komunitate politiko indartsu baten falta eta modu zatituan erresistentzian eustea da anbiziorik handiena, hitzaldian hausnartu zutenez.

Okupatzeko ahalmenak behera egin izanaren arrazoien inguruan ere jardun zuten igandeko saioan, eta jabetza pribatua defendatzeko eta okupazioari aurre egiteko sortu diren mekanismoak aztertu zituzten.

Okupazioak gutxitzen eta husteak areagotzen ari diren testuinguru honetan, Langile Kontrolpeko Espazioak defendatzeko hipotesi politikoak eta antolaketa eredu berriak garatzeko premia jarri zuten mahai gainean. Zein dira okupazioari lotutako proiektuak gorpuzten ari direnek aurrera begira dituzten erronka nagusiak? Zein harreman dago Langileen Kontrolpeko Espazioen eta estrategia sozialistaren artean? Galdera horiei erantzuteko hainbat elementu ere plazaratu zituzten saioan.

Manifestazioa, Langile Kontrolpeko Espazioen defentsan

Manifestazio batek eta kontzertuek eman zieten amaiera jardunaldiei. Askatasun politikoak defendatu, Langile Kontrolpeko Espazioak hedatu lelopean egin zuten manifestazioa Azpeitiko kaleetatik, eta amaieran plazan hartu zuten hitza Errakiko kideek. Adierazi zutenez, "krisi kapitalistaren testuinguruan proletalgo antolatuaren askatasun politikoen uzkurtze orokor bat ematen ari da, eta politika iraultzailea egitea ahalbidetzen duen eremu faktikoa gero eta estuagoa da".

Errakiren arabera, joera hori hainbat modutan adierazten da, eta horietako bat okupazioaren aurkako ofentsiba da: "Okupazioaren aurka egin den lanketa ideologikoaren bitartez, okupazioaren aurkako legedien gogortzearen bitartez edo higiezinen merkatuko masa-inbertsioen bitartez komuniston antolatzeko ahalmena gutxitzen ari da. Horren adibide dira Espainiako Estatuan 2018an onartu zen Okupen Aurkako Legea edo Frantziako Estatuan aurten onartu dena. Horren adibide ere badira espazio ezberdinen gainean Estatuaren indar errepresiboek egiten dituzten esku-hartze arbitrarioak, udaletxeen debeku zentzugabeak edo Estatuaren desalojo biolentoak, baita espazioetako segurtasun-sistemen hobetzeak edo desalojo-indar parapolizialen existentzia bera ere".

Azpimarratu zuten auzi horiek ez direla soilik leku okupatuetara mugatzen, eta askatasun politikoen aurkako erasoak dimentsio ugari dituela, adibidez, pandemia garaian; "hala nola, kalea erabiltzeko debekua, kaleak kontrolatzeko jartzen ari diren kamera ugariak edo espazio publikoen erabileraren zuzeneko debekua".

Horren harira, jardunaldiak antolatzeko izan dituzten oztopoei egin zieten erreferentzia Errakiko kideek: "Jardunaldiak antolatzeko prozesuan ikusi dugu EH Bilduk gobernatzen dituen hainbat udaletan zuzenean edo zeharka debekatu nahi izan dutela jardunaldiak aurrera ateratzea. Horren adibide garbia da Legution gertatu dena. Estatuaren aldetik inolako murrizketarik ez zegoen testuinguru batean, non herrian hiru positibo baino ez zeuden, COVID-19aren intzidentziaren goranzko joera erabili zuten gure ekimena debekatzeko aitzakia gisa".

Errakik azaldu zuenez, Esklabak Zentro Sozialistaren eta Azpeitiko Gaztetxearen gaineko kontrolik gabe, ezinezkoa zatekeen jardunaldiak antolatzea. "Antolakuntza sozialistak bere praktika politikoa inposatzeko duen ahalmena adierazten du espazioen gaineko kontrolak. Errakitik proletalgoaren askatasun politikoen aldeko borroka berresten dugu. Borroka hori, erreforma baten edo bestearen aldeko borroka izatetik urrun, Alderdi Komunistaren eraikuntzarako baldintza politikoen aldeko borroka bezala ulertzen dugu. Zentzu horretan, Langile Kontrolpeko Espazioak defendatzen eta horiek hedatzeko baldintzak sortzen jarraituko dugu", gaineratu zuten.

Horren ostean, gauean, musika emanaldiak izan ziren Azpeitiko Gaztetxean.

EZ DAGO IRUZKINIK