AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/11/29 14:11

Erraki Langile Kontrolpeko Espazioen Babes Sareak mobilizazio deialdiak egin ditu abenduaren 10erako, PSOEren desalojo azkarra gelditu. Langile Kontrolpeko Espazioak aurrera aldarri modura hartuta. Gasteizen (Araba) eta Iruñean (Nafarroa) egingo dituzte manifestazioak, 18:00etan; Andre Mari Zuriaren plazatik abiatuko da Gasteizko mobilizazioa, eta Sarasate pasealekutik Iruñekoa.

Errakiren esanetan, "indarra hartu dute okupazioaren kontrako lege proposamenek", eta PSOEk mahaira atera duen azkeneko neurria "horren erakusle nagusia" dela seinalatu du. Huste azkarrak errazten ditu lege berriak, okupatutako espazio bat 48 orduan eta aurretiazko epaiketarik gabe hustea baimentzen baitu. "Banketxeek, putre funtsek eta jabe handiek ere bide azkarra erabili ahal izatea" sustatuko du horrek, "orain arte ez bezala", Errakik ohartarazi duenez.

"Azken urteotan okupazioaren aurka hartutako neurri larrienaren aurrean gaude", azaldu du: "PSOE eta bere euskarri diren alderdiak jabetza pribatua babesten ari dira guztiaren gainetik. Komenigarriagoa da haientzat espazioak hutsik mantentzea eta espekulaziora bideratzea, proletalgoak zuzenean kontrolatu eta bere beharren arabera erabiltzea baino". Horrek guztiak proletalgoa "egoera larriagora kondenatzen" duela uste du Errakik, "batetik, etxebizitza eskubidea urratzen duelako" eta, "bestetik, Gaztetxeak, Zentro Sozialistak eta Zentro Sozialak irekitzea ia ezinezko bihurtzen duelako".

Aterabide polizial eta penala

"Krisi ekonomikoaren ondorioz pobrezia areagotzen" ari dela gogorarazi du Errakik eta "gero eta gehiago" direla "bizi baliabideetara sarbiderik ez dutenak". "Alderdi politiko profesionalen kontakizunaren arabera, ordea, badirudi arazoa ez dela pobrezia bera, baizik eta pobrearen jokaera; lehentasuna ez dela miseria sozialarekin bukatzea, baizik eta ordena publikoa eta hiritarren segurtasuna bermatzea", seinalatu du. Modu horretan "arazo sozialei aterabide polizial eta penala" ematen ari direla salatu du Errakik, eta "miseria eragiten duten egiturazko arrazoiei erreparatu" ordez, "pobrezia kriminalizatzen eta zigortzen" ari direla.

Lapurreta txikiak gogorrago zigortzeko Espainiako Estatuan ireki dituzten ate legalak horren adibide modura aipatu ditu Langile Kontrolpeko Espazioen Babes Sareak, baita erreformatutako Zigor Kodeak barne hartuko dituen neurri berriak ere; esaterako, desordena publikoekin lotutako delituak edota etxebizitza eskubidearen aldeko mugimenduen ohiko borroka-formak are gehiago zigortzeko neurriak. "PSOEren desalojo azkarra ere norabide horretan kokatzen dugu; proletalgoaren eskubide sozial eta politikoak ezabatzeko pauso bat gehiago da", gaineratu du Errakik.

"Garai zailak datoz Langile Kontrolpeko Espazioentzat, baina ez da geldirik egoteko garaia", aldarrikatu du: "Okupazioaren kontrako ofentsibari aurre egin beharrean gaude, bidean batzen goazen indar guztia Estatu Sozialistaren eraikuntzarekin uztartzearekin batera. Hori baita bizi baliabideen sozializazioa gauzatzeko azken bermea, jabetza pribatuaren behin betiko amaiera ekarriko duena".

EZ DAGO IRUZKINIK