AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/12/10 13:26

Okupazioaren kontrako ofentsiba jopuntuan jarri dute gaurkoan Gasteizen (Araba) eta Iruñean (Nafarroa). PSOEren "desalojo azkarren" kontra mobilizatzera deitu du Errakik, eta 18:00etan hasita izan da manifestazio bana Arabako eta Nafarroako hiriburuetan, PSOEren desalojo azkarraren legea borrokatu lelopean. Errakik azaldu duenez, hain justu, "PSOEk okupazioaren aurka proposatutako azken legea salatzeko eta orokorrean alderdi politiko guztiek okupazioaren kontrako ofentsiban betetzen duten rola gaitzesteko" atera dira kalera.

Lege berriak, zehazki, okupatutako espazio bat 48 orduan eta epaiketarik gabe hustea ahalbidetuko die "banketxeei, putre funtsei eta jabe handiei", "beraien higiezinak espekulaziorako prest izan ditzaten", Errakiren esanetan. "Honakoa ez da okupazioaren kontrako beste eraso bat, okupazioaren erabateko ilegalizazioa da, eta horri aurre egin ezean ondorio izugarriak izango ditu bai proletalgoarengan, baita mugimendu iraultzaile antolatuarengan ere", nabarmendu du.

Ofentsibaren sofistikazioa krisi garaian

Errakik aspalditik seinalatu du okupazioaren kontrako ofentsiba —ikusi hemen 2020an hasitako kanpaina—. Hala, gaurko manifestazioen bukaeran, berriz ohartarazi du azken urteotan are indartsuago ari direla hedabideak "okupazioa kriminalizatzen", gora egin dutela Desokupa bezalako "desokupazio enpresen kontratazioek" eta esku-hartzeek, eta "gogortzen" ari dela okupazioa zigortzeko legedia. Ofentsibaren aurpegiak areagotzen ari direla salatu du, dena den, eta hainbat adibide eman dituzte Errakiko kideek: "Aholkularitza bulegoak sortu dituzte, okupatu duten familiei zerbitzu publikoak ukatu zaizkie, legearen gauzatzea perfekzionatu dute eta presio soziala, okupazioaren aurkako kongresuak, poliziaren gehiegikeriak eta abarrak ere eguneroko ogi bilakatu dira".

"Bizitzaren garestitzearen aurrean, eta, beraz, bizi baliabideak eskuratzeko inoiz baino zailtasun handiagoak daudenean, burgesiak eskaintzen duen irtenbidea argia bezain gogorra da: beldurraren eta zigor mekanismoen gogortzearen bitartez, proletalgoa egokituko zaion bizi eredu miserablera ohitzea; proletalgoarengan izaera konformista indarrez sustatzea, errealitatearen eraldaketan esku har ez dezan", adierazi du Errakik.

"Gizarte kapitalistak gutxieneko bizi maila bermatu ezin duenean, alternatibak bilatzera behartuta aurkitzen da proletalgoa, eta, noski, sistemaren ziurgarritasuna ere krisian sartzen da", gogorarazi du Errakik gaur egungo krisi egoerari erreferentzia eginda: "Lapurretak, okupazioak edota instituzioekiko kontrakotasunean antolatzea, bizi
bitartekoak bermatzeko alternatibak izan daitezke".

Eta Errakik uste du hori dela, hain zuzen, "ofentsiba burgesak politikoki neutralizatu" nahi duena; hau da, "merkatuaren logikatik kanpo orokortu daitekeen alternatiba ororen ideia eta hori efektibo bilakatu ahal izateko langileriaren antolakuntza independentea". "Okupazioaren kontrako ofentsiba ere norabide horretan kokatzen da: langile kontrolaren aurkako ofentsiba da", ondorioztatu du.

Espazio politikoen okupazioa

"Proletalgoak sistema kapitalistarekiko duen mendekotasuna mantentzea da ofentsibaren helburua. Hori dela eta, okupazioaren kriminalizazioa ez da putre funtsek edo banketxeek kaleratzen duten familia batean zentratzen. Eta horregatik kriminalizatzen da gogorrago espazio politikoen okupazioa", zehaztu du Errakik. Hala, okupazio bidez eskuratu eta martxan jarri diren hainbat espaziok jasandako erasoak eta husteak ekarri ditu gogora gaurko mobilizazioen amaieran: Legutioko (Araba) Desjabetuon Hotela Zentro Sozialistarena, Bilboko (Bizkaia) Urkila Zentro Sozialistarena, Errotxapeako (Iruñerria, Nafarroa) Gaztetxearena, Iruñerriko Zentro Sozialistarena edota Laudioko (Araba) Gaztetxearena.

"Espazioen defentsa eta irekiera bete-betean murgilduta" dauden eragile eta guneak ere izan ditu gogoan Errakik; hala nola, hamabost etxebizitzaren desalojo arriskua "bizkar gainean" daukan Gasteizko Etxebizitza Sindikatua eta Urola Kostako Kontseilu Sozialistak "borrokaren ondorioz egonkortzea" lortu duen Zumaiako (Gipuzkoa) Etxape Zentro Sozialista. Errakik aldarrikatu du Langile Kontrolpeko Espazioak ezinbestekoak direla "Prozesu Sozialista gorpuzten eta
lur hartzen joateko", eta horixe dela, finean, "ofentsibari aurre egiteko bidea".

EZ DAGO IRUZKINIK