Energia-gastua
2021eko neguaren aldean, familia guztiek gehiago ordaindu behar dute energiaren faktura. Horrek ere ez die denei berdin eragiten, ordea. Familia proletarioenetan energiaren kostuak pisu erlatibo handiagoa du, haien diru-sarrerak kontuan hartzen badira. 2022ko lehen hiruhilekoan soilik, errenta baxuenak dituzten etxebizitza-unitateen errenten %35 energia ordaintzean desagertzen zela kalkulatzen du Oxfam Intermonek.
Are gehiago esan daiteke, diru-sarrera txikienen hamarrekoa osatzen duten familia-unitateen %20 inguruk beren diru-sarreren erdia baino gehiago bideratu behar baitute kostu horiek ordaintzera. Hori 375.096 etxebizitza-unitate dira, eta Espainiako Estatuko familia bakoitzeko batez besteko bizikide kopurua 2,5 lagunekoa izanda, milioi bat pertsona ingururi buruz ariko ginateke.
Pobreen aurkako zerga
Sektore horiei berezkoa zaien kontsumo-patroia eta erosketa-saskiaren osaera dela eta, "Kontsumorako Produktuen Indize orokorraren ia bikoitza" ordaintzen ari direla ziurtatu du erakundeak. Are, ez da ahaztu behar diru-sarrerarik baxuenak zituzten biztanleen erosahalmena gorakada inflazionarioaren aurretik ere negatiboa zela jada. 2022ko prezioen igoerak, erosketa-saski berari eutsita, -%26 gehiago okerragotu du proletarioen erosahalmena, multzo aberatsenarena baino 3,5 aldiz gehiago.
Gehien garestitzen ari diren ondasunak, hain zuzen ere, nekez ordezka daitezkeenak dira. Zentzu horretan, txostenak proletarizazioaren eta proletalgoaren arteko desberdintasuna gogorarazten du, hurrenez hurren: "Familia batek oporretara joateari uko egin diezaioke, baina nekez egin diezaioke uko neguan berogailua pizteari edo fruta eta barazki freskoak erosteari, gutxieneko dieta osasungarria mantendu nahi badu".
Pitzadura handitzen
Bizibideen garestitzeak gehien zigortzen duen estratu soziala proletalgoa den arren, fenomenoa hortik harago doa. Zentzu horretan, "klase ertainaren" parametroetan kokatu izan diren segmentuen "aurrezteko gaitasunaren galera" nabarmentzen du Oxfamen txostenak. Familien aurrezteko ahalmenean izandako eragina diru-sarrera mailen arabera alderatzean, honakoa ikus daiteke: errentaren laugarren dezilera arte zerrendatutako etxe-unitateez gain (aurrezteko arazo larriak izaten dituztenak), bosgarren, seigarren eta zazpigarren deziletako unitateak ere aurrezteko gaitasuna galtzen ari dira, eta zorpetu egin beharko lukete lehengo kontsumo-mailari eusteko.
Beste muturrean, aberatsenen artean, aurrezteko gaitasun positiboa dago oraindik. Ikerketa burgesek aitortzen dutenez, Espainiako Estatuko errealitate berri horretan zera ariko litzateke gertatzen: "Klase ertainen endekapen handia, pobreenen eta aberatsenen arteko pitzaduraren areagotzea".