AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/07/08 16:20
Pobrezia edota gizarte-bazterketa arriskua neurtzen duen AROPE tasa (At Risk Of Poverty or social Exclusion, ingelesezko sigletan) igo egin zen iaz Espainiako Estatuan. Adierazle orokorrak %27,tik %27,8rainoko gorakada izan zuen 2020an eta 2021ean jasotako datuak alderatuta, Espainiako Estatistika Institutuak (INE) berriki argitaratutako txostenaren arabera.

2020an 13 milioi lagun inguru "gabezia sozial zein material larrian" zeuden; Espainiako Estatuko biztanleriaren %8,3, alegia. Bestalde, pertsona bakoitzeko batez besteko diru-sarrera 12.269 eurokoa izan omen zen 2020an, aurreko urtean baino %0,2 txikiagoa.

Zifra errealagoak

AROPE tasa 2010ean sortu zen, "Europako pobrezia erlatiboa neurtzeko". Kontzeptua zabaldu egin zuten 2021ko ikerketetarako, ordura arte diru-sarrerak baino ez baitzituzten kontuan hartzen pobreziaren fenomenoa aztertzeko garaian. Orain, horren araberako "pobrezia-tasa" eta "gabezia material larria" ez ezik, beste bi osagai berri darabiltzate: "gabezia material edota sozial larria" eta "enpleguaren intentsitate baxua".

2021ean formula zaharra erabili izan balute, AROPE tasa %27,6koa izango litzateke, %27,8koa beharrean. Bi emaitzen arteko %0,2ko alde horrek 100.000 pertsona ingururi erreferentzia egiten dienez, joan den urtera arte baliatu duten metodologiak pobrezia errealaren zati esanguratsu bat estaltzen zuela ikus daiteke.

Metodologia kontua

2018an, adibidez, %26,1ekoa omen zen pobrezia edo gizarte-bazterketa jasateko arriskua jasaten duen biztanleriaren ehunekoa. Hori kalkulatzean egungo formula erabili izan balute, ordea, %27,3koa izango litzateke emaitza, 1,2 puntu handiagoa. Hala, 560.000 lagun inguru pobrezia edo gizarte-bazterketaren kalkulutik ezabatuak izan ziren, gutxienez.

Langabezia-tasak ezkutatzen duena

"Enpleguaren intentsitate baxua" deritzon faktorea, adibidez, esanguratsua da AROPE tasa kalkulatzerakoan, bestela, aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteek, lanaldi partzialek edota behin-behineko lanpostuek pobreziaren errealitatea desitxuratu dezakete. Izatez, langabezia-tasaren beheranzko joerak kontrakoa dioela iruditu arren, Erreserbako Armada Industriala handitzen ari delako zantzuak erakusten dituzte azken datuek: 2019-2020 aldian %10etik %11,6ra igo zen "intentsitate baxuan" lan egin zuen biztanleriaren ehunekoa.

Enpleguaren intentsitate baxua

Adierazle hori kalkulatzeko, lan-indarra saltzeko gaitasuna eta adina duten etxeko kideek urtean zehar lanean emandako hilabete kopurua zenbatzen da, eta, bestalde, langile horiek teorikoki zenbat hilabetetan lan egin zezaketen. Bien arteko ratioa kalkulatzen da, eta %20tik beherakoa bada, familia horretan "enpleguaren intentsitate baxua" dagoela zehazten da.

Adibidez, bi helduk osatutako etxe batean, non pertsona heldu batek bakarrik egiten duen lan lanaldi osoan, lan-intentsitatea %50ekoa izango litzateke; biek lanaldi osoan lan egiten badute, intentsitatea %100ekoa izango litzateke; helduetako batek lanaldi erdian lan egiten badu eta besteak lanaldi osoan, lan-intentsitatea %75ekoa izango litzateke.

Pobrezia-arriskua

"Desberdintasun soziala neurtzen duen adierazle erlatiboari" deitzen dio pobrezia-arriskua neurtzeko tasa INEk. Hau da, neurtzen duena ez da pobrezia absolutua, biztanle guztiekiko "diru-sarrera txikiak" dituzten pertsonen ehunekoa baizik.

Pobrezia-arriskuaren atalasetik beherako diru-sarrerak zituzten biztanleen ehunekoa biztanleriaren %21,7koa izan zela kalkulatu zen 2021ean; aurreko urtean, berriz, %21ekoa. 2011 eta 2020. urteen arteko serie historikoari erreparatuz, adin-tarte guztietan igo da pobrezia-arriskua jasaten duen biztanleriaren ehunekoa.

Gabezia material edota sozial larria

Pertsona bat gabezia material eta sozial larrian dagoela interpretatzen dute, baldin eta kasuistiken zerrenda bateko hamahiru elementuetatik, gutxienez zazpi elementutan gabezia jasan baldin badu galdekatua izan den pertsonak. Hasieran aipatutako adierazle orokorra %8,5etik %8,3ra jaitsi zen 2019. eta 2020. urteen artean. Baina, hala ere, gabeziaren igoera ikaragarriak sumatu ziren arlo jakin batzuetan; gastu energetikoen eta alokairuen ordainketan, esate baterako.

2020an aztertutako datuen arabera, Espainiako Estatuko biztanleen %10,9k ezin zuten etxebizitza tenperatura egokian mantendu, eta egoera hori jasaten duten pertsonen ehunekoa %14,3raino igo zela zenbatu zuten 2021ean. Alokairuari dagokionez, epe berean, %0,9 igo zen alokairuaren edo epekako erosketen ordainketan atzerapenak izan zituzten biztanleen ehunekoa.

Proletarioenak

Bestalde, AROPE tasaren hiru faktoreak batera jasaten dituzten biztanleak ere kalkulatu dituzte azken txostenean. Horren arabera, Espainiako Estatuan 2020an bizi ziren pertsonen %2,3k, milioi bat lagun baino gehiagok, pobrezia-arriskua, gabezia material edota sozial larria eta enpleguaren intentsitate baxua aldi berean jasan zituzten. Pertsona horiek bizirauteko berme bakarra laguntza sozialak jasotzea edo edozein lanpostu onartzea da.

Inflazioaren eraginik gabe

Zifra horiek guztiak azken hilabeteetako inflazioaren igoeraren aurrekoak dira, gainera. Oinarrizko produktuen prezioaren igoera langile familia ugariren soldatak zein aurrezkiak azken hiru hamarkadetan ez bezala uzkurtzen ari den honetan, aurreikusgarriena da 2023an argitaratuko diren datuek proletarizazio-prozesuaren inguruko zifra nabarmenagoak eskaintzea.

EZ DAGO IRUZKINIK