Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Segurtasun Kontseiluak joan den astelehenean onartu zuen Amerikako Estatu Batuek idatzitako ebazpen bat, Ukrainako gatazkari "amaiera azkar" bat eman diezaiotela eskatuz, baina Errusia erasotzaile gisa aipatu gabe eta Ukrainako lurretatik tropak erretira ditzala eskatu gabe. Bozketaren amaieran aldeko hamar boto izan ziren, Errusiarena eta Txinarena barne, eta bost abstentzio zenbatu zituzten, besteak beste Erresuma Batuarena eta Frantziako Estatuarena. Honakoa da, 2022tik hona, Segurtasun Kontseiluaren mota honetako lehen akordioa Ukrainako gerrari dagokionez.
Ebazpena ez da loteslea, eta gerrak eragindako "bizitza galera tragikoak" deitoratzen ditu, nahiz eta Errusiaren erantzukizunari buruzko aipamen espliziturik ez egin. Errusia Ukrainara militarki sartu zeneko hirugarren urteurrenean onartu dute testua, Donald Trumpen administrazioaren eta Moskuren arteko hurbilketa diplomatikoarekin batera. Horrek kezka handiak sortu ditu Kieven eta Bruselan.
AEBek NBEn daukaten bitarteko ordezkariak, Dorothy Seak, ebazpena "bakerako lehen urrats sinboliko eta erraz" gisa defendatu du neurria. Searen arabera, horrelako neurriek "Nazio Batuen Gutunaren espiritua islatu behar dute", eta bertan "bakea posible dela" baieztatzen da. Bien bitartean, Errusiak NBEn duen enbaxadore Vasili Nebenziak bestelako irakurketa bat eman du ebazpenari buruz: Moskuren eta Washingtonen arteko harremanetan izandako "arrakalaren" zantzu gisa seinalatu du, bi aldeen arteko azken harreman diplomatikoen ondoren.
Aldi berean, NBEren Batzar Nagusiak gerrari buruzko bi erabaki hartu ditu berriki, baina ez dira lotesleak. Segurtasun Kontseiluaren ebazpenak ez bezala, proposamen horiek zuzenean eskatzen diote Errusiari tropak Ukrainatik erretira ditzala. Aipatutako ebazpenen inguruko bozketa desberdinek agerian utzi dute nazioarteko desadostasuna: badirudi elkarrekin kontrastatutako jarrerak hartzen ari direla AEBak eta Errusia, beste herrialde batzuek, Txinak kasu, erdibideko jarreren alde egiten duten bitartean.