Iranekin Bat kolektiboak sare sozialen bidez jakinarazi duenez, bi kide atxilotu nahi ditu Espainiako Poliziak, Israelen esku-hartzearekin. "Polizia Nazionalak, Israelekin elkarlanean, Iranekin Bateko bi kide atxilotu nahi ditu, Gazako genozidioaren aurrean isilik ez egoteagatik. Ez dugu barkamenik eskatzen Gazako haurrei eta haiei laguntzen dietenei ahotsa emateagatik. Sorgin-ehiza hemen dago", salatu du X atarian.
El Confidencial egunkariaren artikulu bat ere zabaldu du argitalpenean, bertan aipatzen baita Espainiako Poliziako Informazio Komisaria Nagusia hainbat pertsona ikertzen ari dela, "Hezbollahrekin loturak" izatea egotzita. Iranekin Batek zehaztu duenez, ikertuen artean daude Bilboko (Bizkaia) eta Getxoko (Bizkaia) kide bana, eta "Iranen aldeko euskal komitean" parte hartzeaz gain, Palestinako preso politikoekin elkartasunez jarduten duen Samidoun elkartasun-sarean ere egiten dute lan.
Itxura denez, Telegrameko Frontflict kanala kudeatzen du haietako batek, El Confidencial-en artikuluan nabarmentzen den plataformetako bat: "Hezbollahren propaganda-kanal" gisa seinalatzen dute. "Auzi palestinarra diabolizatzeko muntaia honetan, Reza Zabib enbaxadore irandarrak eta irandarraren langileek (@IraninSpain) ekainean Euskal Herrian egindako lau hitzaldiak zein Espainiako Itzuliari boikota egitea leporatzen diete, baita 'ETA babestea' ere", gaineratzen du Iranekin Batek.