AKTUALITATEA / Preso politikoak
Hiru aste daramatza isolamenduan Oskar Barreras preso politikoak
Komunikazio- eta patio-greba hasi zuen hilaren 18an, protesta modura. Tinkok mobilizazio bat egingo du Basauriko espetxearen aurrean ostiral honetan, eta atzo janariari uko egin zioten hainbat presok.
2026eko maiatzaren 26 - 08:29
Hiru aste daramatza isolamenduan Oskar Barreras preso politikoak
— ARGAZKIA Bilbao Hiria

Oskar Barreras preso politikoa isolamenduan daukate maiatzaren 5etik Basauriko (Bizkaia) kartzelan. Ziegan bakarrik egoteko eskubidea defendatzeagatik zigortu zuten kartzelazainek, eta hiru aste daramatza bakartuta. Protesta gisa, preso bilbotarrak patio-grebari eta komunikazio-grebari ekin zien maiatzaren 18an, eta horretan jarraitzen du.

Oskarrekin elkartasunez, atzo, maiatzaren 25ean, janariari uko egin zioten hainbat preso politikok. Jon Kepa Preciadok eman zuen protesta-ekintzaren berri sare sozialetan: "Oskarri gure elkartasun politikoa helarazteaz gain Basauriko kartzelaren zuzendaritzaren jarrera zapaltzailea salatu nahiko genuke, argi baitago euskal preso politikoon aurkako errepresioaren beste kasu baten aurrean gaudela. Oskar bere eskubideak defendatzeagatik zigortzen ari dira eta bere borrokak zilegitasun osoa daukala aldarrikatu nahi dugu. Horregatik gaur kartzelaren janariari uko egingo diogu".

Bestalde, Tinko antolakundeak mobilizazio-deialdi bat egin du ostiral honetarako, maiatzaren 29rako: Basauriko espetxearen aurrean elkarretaratzera deitu du, arratsaldeko 19:00etan."Haien legedi propioa eta presoen oinarrizko eskubide bat urratzen duten enegarren kasua den honetan, Oskarri babesa adierazi eta borrokatzea dagokigu", esan du.