2024ko azarotik hartzekodunen konkurtsoan dago Altsasuko (Nafarroa) Sunsundegui enpresa, eta hilabete honen hasieran jakinarazi zutenez, apirilaren 14an joko dute likidaziora, baieztatu baita ez dagoela inbertitzailerik. Fabrikaren itxiera eta 300 langile baino gehiagoren kaleratzea ekarriko du horrek. Hala, azken berriak direla eta, ohar bat argitaratu dute Sunsundeguiko Langileak Borrokan asanbladak eta Sakanako Kontseilu Sozialistaren parte den Laneko Autodefentsa Sareak (LAS), "langileon miseriaren errudun zuzenak" seinalatzeko eta bihar mobilizatzera deitzeko.
Adierazpenean, azaldu dute dagoeneko ziurra dela "urte erdiz luzatu den prozesu hau langileentzako modurik txarrenean bukatuko dela". "349 langile kaleratuak, ia 400 aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientea (ABEE/ERTE) hasi zenetik; etorkizun zaila denontzat, baita Sakanarentzat ere, ia beste 200 lanpostu baitaude Sunsundeguiren menpe", laburbildu dute zenbakitan. Itxiera-prozesuan zehar langileen egoerak okerrera egin duela gogorarazi dute, Nafarroako Gobernutik errepikatzen zen bitartean "inbertitzaile berria aurkitzeko prozesua ongi zihoala".
Kalean, laguntzak murrizturik eta kalte-ordainak zalantzan
Orain, sei hilabeteren ostean, langileak lanik gabe eta langabeziako laguntzak murrizturik aurkitu dute euren burua (ABEEak iraun duen bitartean erabili behar izan dutelako prestazioa). "Murillo zuzendaria 100.000 euro baino gehiagoko indemnizazioarekin joan den bitartean, langileon kalte-ordainentzat dirurik ere ez dagoela esan dute", jakinarazi dute, gainera: "Kaleratzeagatik jaso beharko genituzkeen apurrak jasoko ditugun ere ez da ziurra". Horren aurka, aldarrikatu dute "langileon bizi-baldintzak enpresarien irabazien kontura bermatu" beharko liratekeela, "eta ez alderantziz".
Enpresariak, instituzioak eta sindikatuak erantzule
Sunsundeguiko Langileak Borrokan asanbladaren eta Sakanako LASen esanetan, Altsasuko lan-gatazkan "sindikatuek nahiago izan dute rol kontziliatzailea izan, borroka egitea baino". Adibidez, langileek egindako proposamenak atzera bota dituzte sindikatuek, eta "men egin" diete enpresako zuzendaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako "itxaropen faltsuei". UGT sindikatuaren kasuan, uste dute "hautu garbia" egin duela "zuzenean langileon miseriaren erruduna den enpresariarekin, Murillorekin, laguntasunean aritzeko".
Horiek horrela, oharrean, enpresarien eta erakunde publikoen erantzukizuna nabarmendu dute. "Argi geratu da, beste behin, nola enpresariek, euren interesak ase ezin dituzten momentuan, ez duten zalantzarik egiten ehunka langile kaleratzeko", diote. Eta, bestalde, ohartarazi dute "Nafarroako Gobernua eta instituzioak ere errudun zuzenak" direla, "azken hamarkadan inongo kontrolik gabe diru publikoz milioika euro enpresarien poltsikoetara bideratzeagatik, lanpostuak mantentzeko aitzakiarekin". Beraz, ondorio garbi bat atera dute mahaira beharginen asanbladak eta LASek: "Langileon antolakuntza independenterik eta borrokarik ezean, ezer gutxi dago guretzat itxaropen faltsuen ilusiopean".
Mobilizazioa bihar, Altsasun
Bihar, ostiralez, manifestazio bat izango da Altsasun Sunsundeguiren itxieraren aurka, eta "langileon borroka indartzera bidean", mobilizaziora batzera deitu dute Sunsundeguiko Langileak Borrokanek eta LASek. Arratsaldeko 19:00etan izango da.