Berehalako itxiera arriskuan dago Trapagarango (Bizkaia) MFS Sintering enpresa, eta zuzendaritzak ezarri nahi duen azkentzeko lan-erregulazioko espedientearen aurka, plantillak apirilaren 9an jo zuen greba mugagabera. Euren lanpostuen defentsan, %100ekoa izan da langileen erantzuna: guztiek egin dute bat grebarekin, 106 beharginek alegia.
40 urte dira MFS martxan jarri zutenetik, baina automobilgintzako lantegia 2024ko ekainetik dago hartzekodunen konkurtsoan. Konkurtso-administratzaileak, hala, urtarrilean esan zuen aurrera egingo zutela likidaziorantz, eta 106 langileak botatzeko espediente bat aurkeztuko zutela. Erregulazioari buruzko kontsulta-aldia apirilaren 12an amaitu zen.
Itxura denez, langileen itxaropenetako bat da MFSren bezero nagusietako batek, Kybse (Kayaba multinazionalaren parte da) eskaintzaren bat aurkeztea, Trapagarango jardunari eusteko. Bestalde, kotxeen barruko esekiduretarako eta segurtasun-sistemetarako piezak ekoizten dituzte bertan, baina beharginek defendatzen dute aukera badagoela ekoizpena dibertsifikatzeko, beste arlo batzuetarako piezak eginez.
Basauriko (Bizkaia) eta Puente San Migueleko (Kantabria) Bridgestonen ere borrokan jarraitzen dute langileek, plantillaren zati handi bat kalera bidali nahi baitu enpresako zuzendaritzak: 335 pertsona Basaurin (%40) eta 211 Puente San Miguelen (%50), hain zuzen ere. Gaur, apirilaren 15ean, kaleratze masiboaren aurkako hirugarren lanuztea egingo dute bi lantokietan: piketeak eta protestak antolatu dituzte, eta eguerdiko elkarretaratzeetan emango omen dute sindikatuek hurrengo pausoen berri.
Zabalik dago enpresak mahai gainera ateratako lan-erregulazioari buruzko kontsulta-aldia, eta zuzendaritza eta sindikatuak atzo bildu ziren hirugarren aldiz. Sindikatuek salatu zuten espedientea ezartzeko arrazoiak argitu gabe jarraitzen duela zuzendaritzak, eta ez diela planteatutako galdera gehienei erantzuten. Apirilaren 24an izango da hurrengo bilera, nahiz eta sindikatuek iritzi dioten "lantegien iraupena posible egingo duen plan industrial bat eskatzen duten langileen, erakundeen eta gizartearen ahotsei muzin egiten" ari dela enpresa.
Aurreko asteartean, apirilaren 8an, mobilizazio handi bat izan zen Basaurin, Bridgestoneko langileekin elkartasunez. Despidorik ez! Plan industriala orain! lelopean mobilizatu ziren milaka lagun.