Ibaetako campusean (Donostia, Gipuzkoa) agerraldi bat egin dute Ikasle Abertzaleakeko eta Unibertsitateko Indar Batasuneko kideek, askatasun politikoen urraketa kasu bat salatzeko. Joan den otsailean, lan eta antolakuntza politikorako "behar-beharrezkoa den" espazio baten aldeko borroka abiatu zuen UIBk, Ibaetako Zorroaga aretoan sartuta. Ertzaintzak, dena den, han zeuden ikasleak indarrez kanporatu eta identifikatu zituen, UPV/EHUren aginduz.
Orain, isunak jaso dituzte identifikatutako gazteek; guztira, 20.000 eurokoa da ezarritako isunen batura. Prentsaurrekoan adierazi dutenez, "EHUren teilatupean eta bere babes zein onarpenarekin aurrera eramandako eraso bortitzenetako baten aurrean gaude".
Errepresio politikoa unibertsitatean
Unibertsitatearen "izaera poliziala" seinalatu dute gaur ikasleek, salatuz "ikasleen aurkako jazarpenari eta errepresioari ateak irekitzen" dizkiola izaera horrek. "Hau ez da eraso isolatu bat, unibertsitatean orokortua den errepresio politikoaren adibide bat baizik. Ikasleriaren edota langile klasearen interesen defentsan egindako borroka prozesu oro isilarazteko eta antolakuntza blokeatzeko indar polizialez baliatzen da [UPV/EHU]", azpimarratu dute.
Bi aldarrikapen
Horren harira, bi aldarrikapen zehatz egin dituzte gaurko agerraldian: "poliziak unibertsitateko campusetara sartzea debekatuta izatea eta EHUk isun ekonomikoei aurre egiteko ardura hartzea, bera izan baita horren erantzule". Gaineratu dute, "gatazka politikoen irtenbiderako", alde desberdinen arteko "elkarrizketarako espazioak sortu" behar direla; "gu horretarako prest gaude".
Aldarrikapen horiek "ahalik eta babes zein oihartzun handiena izan dezaten", sinadura bilketa bat jarriko dute martxan.
Borrokak aurrera darrai
Unibertsitateko errepresio politikoa salatu eta unibertsitateko langile klasearen antolakuntzarako eta borrokarako baldintzak jartzen jarraituko dutela adierazi dute IAk eta UIBk. Duela aste batzuk egin zen aipatutako borroka-prozesuaren ostean Ibaetan eskuratutako gelaren irekiera-ekitaldia.