Ostiral honetan, Gabonetako Zozketa izango den egunean, lanuztera joko dute Deia egunkariko (Noticias taldea) langileek. Batez ere, Hemendik saileko lankideei elkartasuna adierazteko egingo dute greba: hiru urte daramatzate borrokan, ezetz esan diotelako Deia-ren web-orrian kobratu gabe lan egiteari.
"Horrela, Hemendik ataleko kideen borroka babesten dugu (denak kontraturik gabe), duela hiru urte, web-orrirako doan lan egiteari uko egin ziotenak", azaldu du Deia-ko langile batzordeak. Lanuztearen bidez, ez dute Hemendik-eko lankideen egoera hobetzea soilik bilatzen: komunikabide horretako langile guztientzat lan-baldintza eta kontratu duinak aldarrikatu nahi dituzte.
Deia-ko langileek iaz salatu zuten soldata-jaitsierak eta lan-baldintzeen okerragotzea jasan dituztela 2009tik. Eraso horiek guztiak egin eta gero, harago joan zen enpresa aurreko urtean: Boroako (Bizkaia) inprimatze-lantokia itxiko zuela eta 26 langile kalera botako zituela esan zuen. Ia hiru astez greban egon ostean, langileek lortu zuten arriskuan zeuden beharginek lanpostu berriak izatea, hala nahi zutenen kasuan behintzat. Gainerako langileei kalte-ordainak eman zizkien enpresak, "kaleratze desegoki" bati dagozkionak.
2,5 milioi euroko laguntza publikoa 2018 eta 2022 artean
Eusko Jaurlaritzak komunikabideei urtero ematen dien finantzazio publikoa ikertu du berriki Jaime Gómez-Obregónek. Datu-base horren arabera, EAJ alderdiarekiko gertutasun ideologiko handiena duen Deia egunkariak 2,5 milioi euro jaso zituen 2018-2022 aldian, eta %34 igo zioten finantzazioa epe berean.