AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Vocentoren egoitza. Iturria: Wikimapia
2023/12/14 16:45

Jaime Gómez-Obregón adituak datu-base bat sortu du Eusko Jaurlaritzak komunikabideei urtero ematen dien finantzazio publikoarekin, eta Argia-k bertako emaitzak kaleratu ditu berriki. "Ordainketa horien opakutasuna eta arbitrariotasuna" ondorioztatu ditu, izan ere, ikusi da kopuru horiek "gutxienekoak" direla eta "nazioarteko inbertsio funtsen menpeko hedabide eskuindar erdaldunetara" bideratzen direla, oro har.

Eusko Jaurlaritzak 1.351 publizitate-kanpaina egin zituen 2018 eta 2022 artean, eta horien ia erdia (665) Vocento taldeko El Correo-n eta bere doako gehigarrietan jarri zuten, ia sei milioi eta erdi euroren truke. Gainera, talde bereko El Diario Vasco-k 517 kanpaina eta ia lau milioi eta erdi euro jaso ditu Eusko Jaurlaritzaren eskutik. Prisa taldeko Ser irrati kateak, berriz, 388 kanpaina egin dizkio Jaurlaritzari, lau milioi euro baino gehiagoren ordainetan. Guztira, hiru hedabide horien artean jaso dute gainerako hedabide guztien artean banatutako diru kopuru bera.

Taldeka

Komunikabideak enpresa-multzoetan banatzen direnez, hedabide desberdinei emandako dirua zaku berean jausten da maiz. Hori kontuan hartuta, taldekako sailkapena ere egin du Argia-k, eta emaitzak gardenak dira: diru gehien jaso duena EITB komunikazio-talde publikoa izan da, 14.923.764 eurorekin; bigarrenik, Vocento/COPE/Cadena 100, 11.444.887 eurorekin; hirugarrenik Noticias taldea, 6.317.993 eurorekin, eta laugarren postuan Prisa, beste 5.500.644 eurorekin.

Baina hori ez da sailkapen osoa, izan ere, diru-iturria "talde handiez" eta eskuindarrez haratago doa. Gara-Naiz bosgarren postuan kokatzen da Jaurlaritzaren publizitate instituzionalaren truke diru gehien jaso dutenen artean, 2.202.129 eurorekin. Horren ondorioz, Ertzaintzaren iragarkiak agertu izan dira Ezker Abertzalearen egunkarian, besteak beste. Seigarren postuan Berria dago, 1.356.944 euroko finantzazioarekin. Horiek baino zifra baxuagoekin, Grupo Planeta-Atresmedia, Unidad Editorial, Nervión taldea, eta abar.

Hedabide euskaldunentzat: gutxiago eta modu desorekatuan

EITB talde publiko elebiduna kenduta, publizitate bidezko finantzazioaren %93 gaztelaniaz edo nagusiki gaztelaniaz aritzen diren hedabideei eman die Eusko Jaurlaritzak. Beraz, euskarazko hedabideek %7 baino ez dute jaso, eta horren barruan ere desoreka handiak daude: ia bi herenak Berria-k eraman ditu, Tokikomeko hedabideek 200.000 euro baino gehiago jaso dituzte, antzeko zerbait Hamaika Telebistak, eta 180.000 euro inguru Bizkaia Irratiak.

Gainera, EITBren barruan ere, gaztelaniazko hedabideei finantzazio gehiago ematen die Eusko Jaurlaritzak publizitateagatik: 2.133.000 Euskadi Irratiari eta Gaztea Irratiari, eta 3.125.000 euro, ordea, Radio Euskadiri eta Radio Vitoriari. 

Lagunei lehenbizi

Agerian utzi dutenez, entzuleak, irakurleak eta ikusleak ez dira dirua banatzeko irizpide erabatekoa. Adibidez, Eusko Jaurlaritzan agintean den EAJ alderdiarekiko gertutasun ideologiko handiena duen Deia egunkariak 2,5 milioi euro jaso zituen 2018-2022 aldian, eta %34 igo zioten finantzazioa epe berean. Bada, CIES neurketaren arabera, Deia-k 49.000 irakurle zituen iaz, 2018tik papereko irakurleen %38 galdu ostean. Ikerguneak Argia-ri 52.000 irakurle esleitu zizkion EAEn, eta hori Deia-ren irakurle kopuru osoaren antzekoa izan arren, Deia-k 565.795 euro jaso zituen joan den urtean, eta Argia-k 24.097. Jaurlaritzako lagunek emandako diruarekin aurrekontuak puztu arren, EAJren egunkariko langileek soldata-jaitsierak eta kaleratzeak jasan zituzten.

EZ DAGO IRUZKINIK