AKTUALITATEA / Sindikalismoa
CEVA Logistics enpresako langileek greba egingo dute
Gasteizko Mercedesen hornitzaileetako bat da enpresa, eta azpikontratatuta jarduten du. Hitzarmen berria negoziatzeko zazpi bilera egin dituzten arren, zuzendaritzak ez dituela euren exijentziak onartu salatu dute langileek. Maiatzaren 27an, 28an, 29an eta 30ean eginen dute greba.
2024eko maiatzaren 15
CEVA Logistics enpresako langileek greba egingo dute

CEVA Logistics enpresako langile batzordeak lau greba egunetara deitu du; maiatzaren 27an, 28an, 29an eta 30ean, hain zuzen. Gasteizko (Araba) Mercedesen hornitzaile nagusienetako bat da enpresa, eta, zehazki, landu gabeko produktu metalikoen deskargaz arduratzen dira bertako 270 langileak. Hala, ekoizpen-lerrorako beharrezko piezez hornitzen du Mercedes.

Langileek grebara joko dute, azaldu dutenez, CEVA Logisticseko zuzendaritza hitzarmen kolektiboaren negoziazioa "denboran luzatzen saiatzen ari delako". Osotara zazpi bilera egin dituzte, baina langileen aldarrikapen gehienak deuseztatu ditu enpresak. Antza denez, azpikontratatutako zerbitzu bat eskaintzen du gaur egun, eta baliteke Mercedesi ematen dion zerbitzua datozen hilabeteetan galtzea. Hala balitz, CEVA Logisticsek ez luke "hitzarmen berriaren sinatzea bere gain hartu beharko", ohartarazi dute beharginek.

Langileen aldarrikapenak

Bi aldarrikapen nagusi dituzte beharginek. Alde batetik, aurreko hitzarmen kolektiboa bete dadila exijitzen dute, eta, bestetik, langileen eskaerak aintzat hartuko dituen hitzarmen berri baten "negoziazio erreala" eskatu dute.

Aipatutako lanuzteak ez ezik, maiatzaren 16rako eta 20rako elkarretaratzeak deitu dituzte langileek. Zuzendaritzak "jarrera immobilistari" eutsiz gero, "plantillak mobilizatzen jarraituko duela" eman dute aditzera beharginek.