AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Diario Vasco
2021/04/20 19:37

Bizkaiko Auzitegiak erabakita, gutxienez bi urtez indargabetuko dute Iñigo Cabacasen erailketaren harira kondenatutako ertzainaren aurkako zigorra. Datozen bi urteetan "legea hausten" ez badu, Juan Jose de Pablok ez du kondena bete beharko.

Bestelako zigorra zen, ordea, 2018an auzitegiak eman ziona. Bi urteko espetxe zigorra eta lau urteko inhabilitazioa ezarri zizkion garaian, eta Espainiako Auzitegi Gorenak bat egin zuen zigor horrekin, berretsi egin baitzuen pasa den urtarrilean.

Dena dela, erabakiari muzin egin dio Bizkaiko Auzitegiak, hiru arrazoi direla-eta. Lehenik, epaileak adierazi du "zuhurtziagaberia profesional larriko hilketa" gisa sailkatu zutela Cabacasen erailketa, eta ez "dolozko delitu" modura; horrek, epailearen ustean, "erlatibizatu egiten du jarrera kriminalaren intentsitatea". Bestetik, kondenatuaren egoera pertsonala argudiotzat hartu dute, berriki hil zelako haren emaztea eta seme bakarraren aita delako. Azken arrazoi gisa, polizia gisa egin duen "ibilbide eredugarria" aipatu du, ordura arte ez zuelako sekula zigorrik jaso.

Hori guztia dela-eta, Bizkaiko Auzitegiak zigorra deuseztatzea erabaki du, bere hitzetan, "zigorra ez delako beharrezkoa" kasu honetan. Cabacasen abokatuek, momentuz, ez dute helegiterik aurkezteko asmorik.

Ertzaintzak 2012ko apirilaren 5ean jo zuen Cabacas pilotakadaz, Bilbon (Bizkaia), Athleticen garaipen bat ospatzen ari ziren zaleei oldartu zitzaienean. Buruan jaso zuen gomazko pilotakada gazteak, eta lau egun beranduago hil zen ospitalean, zaurien ondorioz.