AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: LAB industria
2019/09/30 11:38

Gaur goizean goiz abiatu dute Bizkaiko metalgintzako langileek bost egun, ostiralera arte, iraungo duen greba. Lanuztearen eragina bermatzeko, Durangaldean piketeak egin dituzte hainbat lantegitan, baita errepideak moztu ere. Langileek uztailean salatu zuten “geldirik” dagoela lan hitzarmenaren inguruko negoziaketa. Patronalak ez zuen onartu sektoreak orduan egindako “proposamen bateratua”.

Metalaren hitzarmena 2011. urtetik dago berritu gabe. 2018. urteko urtarrilaren 1etik ordainketetan izan diren atzerapenak ordaintzea, soldata igoera eta taula errealen igoera eskatzen dituzte beharginek. Uztailaren 15ean, bost eguneko greba deialdia izan zen Bizkaiko metalgintzan, eta sektore horretako 50.000 langileei egin zieten dei mobilizatzera -irailaren 30ean hasi eta urriaren 4ra arte-.

Mobilizazioz betetako astea

Hala, mobilizazioz beteta dator greba astea. Gaur, irailak 30, manifestazioa egin dute 11:30ean, Bilboko (Bizkaia) Euskadi plazatik. Ondoren, Bizkaiko pentsiodunek astelehenero Bilboko udaletxestrn atarian egin ohi duten elkarretaratzearekin bat egingo du manifestazioak. Bi mobilizazioek batera jarraituko dute Arenalean barrena, Arriagara arte. Bertan irakurketa bateratua kaleratuko dute bi borroketako kideek.

Bihar, asteartea, manifestazioak deitu dituzte 11:30ean, Amorebieta-Etxanon eta Erandion. Asteazkenean, Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen ordezkaritzaren aurrean egingo dute elkarretaratzea. Ostegunean, Basaurin eta Sestaon izango dira manifestazioak, eta ostiralean mobilizazioa egingo dute berriro Bilbon. Bi zutabe abiatuko dira; bata San Mames ingurutik, eta bestea, Deustutik. Jesusen Bihotza plazan elkartuko dira bi zutabeak.

Maiatzetik borrokan

Langileek aurtengo maiatzaren 23an egin zuten aurreneko greba eguna, eta langileen %70-80ek egin zuen bat deialdiarekin, sindikatuen datuen arabera. Bigarren lanuztean, ekainaren 6an, %85ekoa izan zen jarraipena. Metalgintza da Bizkaian langile gehien dituen sektorea: 50.000 behargin.

EZ DAGO IRUZKINIK