AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: USO
2019/07/15 19:37

Zaharrak berri dira Bizkaiko metalgintzan. Sektoreko hitzarmenaren inguruko elkarrizketek eta negoziazioek aurrera egin duten arren, ELA, LAB, CCOO, ESK, CNT, UGT, CGT eta USO sindikatuek salatu berri dute patronalak ez duela "negoziatzeko inolako borondaterik". "Ez dago beste bilerarik egiteko datarik", diote: "Patronalak berak hartu zuen data proposatzeko konpromisoa, eta ez du horrelakorik egin".

Hala, udazkenean murgiltzearekin batera, borroka egun berriei ekingo diete beharginek. Sindikatuek beste bost greba egunera deitu dute, eta irailaren 30etik urriaren 4ra bitartean izango dira mobilizazioak. Orain, baina, ez du etenik izango borrokaldiak. Datorren ostegunean elkarretaratzeak izango dira hainbat txokotan; Elecnorren (Bilbo), Petronorren (Muskiz), Astilleros Muruetan (Erandio), Ormazabalen (Igorre), edota Layde Steelen (Durango).

Mahaia geldirik

Ekaina hasieran sortu zuten sindikatuek plataforma bateratua, negoziaketetarako proposamenak elkarrekin sortzeko eta aurkezteko. Dena den, une honetan geldirik dago negoziazio mahaia: patronalak ez du sindikatuek maiatzaren 10ean egindako proposamen bateratua onartu; ez du proposamenik egin, eta gainera, une honetan ez dago batzarrerako deialdi berririk mahai gainean, ezta adostasunik ere.

Dena den, greba deialdi berriaren harira, izan du zeresana patronalak. Berriro lanuztea egitea "arduragabekeria" dela adierazi dute, baita industria sarea kaltetua izango dela ere.

Udaren ataritik uda bete-betera

Bizkaiko metalgintzako beharginak udaren atarian hasi ziren lanuzteekin. Maiatzaren 23an egin zuten aurreneko greba eguna, eta langileen %70-80ek egin zuten bat deialdiarekin. Bigarren lanuztean, ekainaren 6an, %85ekoa izan zen jarraipena, eta Bilboko kaleak hartu zituzten langileek. Goizean, lantegietan pikete informatiboak martxan jarri zituzten hainbat behargin identifikatu zituen Ertzaintzak. Ekainaren 20an eta 21ean ere greba egin zuten, hirugarrenez eta laugarrenez. 20an ere piketeak izan ziren lantokietan, eta bi langile atxilotu zituen Ertzaintzak, Zornotzan.

Metalgintza da Bizkaian behargin gehien batzen dituen sektorea; guztira, 50.000 inguru dira.