AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Antton Troitiño, euskal preso politikoa.
2021/01/27 12:17

Urtarrilaren 11n onartu zioten hirugarren gradua Antton Troitiño preso politikoari, eta atzo, berriz, baldintzapeko askatasuna. Baina preso jarraitzen du oraindik. Etxerat elkartearen esanetan, "Espainiako Auzitegi Nazionalaren labirinto burokratikoaren ondorioak jasaten ari da". Gaixotasun larria du Troitiñok, eta aringarri gisa ari zen kimioterapia tratamenduan, baina hari uko egitea erabaki du, "bai animoan, bai fisikoki, espetxeratze baldintzak gaindiezinak direlako".

Troitiñoren osasun-egoera nabarmen okertu da azken egunetan, Etxeratek jakinarazi duenez. Hala azaldu dute egoera: "Estremerako espetxetik (Madril) ospitalera lau aldiz eraman dute kimioa jasotzeko, ondoren espetxera itzularaziz. Baldintza desegoki eta gogorretan dago presoa (ordu eta erdiko ibilbidea egin behar du ospitalera joateko eta beste horrenbeste itzultzeko, ez du dieta egokirik hartzen, medikazio falta...)". Hala, aske uzten duten arte tratamenduari uko egitea erabaki duela jakinarazi dio Troitiñok bere abokatuari, "gaitza duintasunez eta bermez tratatu ahal izateko, eta senideengandik hurbil".

30 urte espetxean

30 urte daramatza kartzelan Troitiñok. 2011n irten zen Huelvako kartzelatik, 24 urteko zigorra bete ondoan. 2017an, baina, berriro atxilotu zuten Londresen; Espainiako Estatura estraditatu zuten, eta beste sei urteko espetxe zigorra ezarri zioten.

Etxeratek azaldu du iazko apirilean sumatu zituela gaitzaren lehen sintomak, baina ez zutela artatu irailera arte: "Egoera hau ez da batere zilegia".

EZ DAGO IRUZKINIK