Langile bat eraila Faltzesen, makina batek harrapatuta

Nekazaritza lanetan ari zen behargina, fardel makina bat erabiliz. Aurten gutxienez 36 langile erail dituzte haien lanpostuetan.
Argazki Nagusia
2020ko uztailaren 17a

Nafarroako Gobernuak atzo gauerdian jakinarazi zuen langile batek bizitza galdu zuela Faltzesen (Nafarroa). 58 urte zituen.

21:53ak aldera izan zuen lan-istripua: behargina nekazaritza lanak egiten ari zen fardel makina batekin, eta hainbat iturriren arabera, pieza batek buruan kolpatu ostean, harrapatu egin zuen makinak. Larrialdi-zerbitzuak bertaratu arren, bertan zendu zen langilea.

Aurreko larubatean, uztailak 11, Baionako (Lapurdi) ospitalean hil zen autobus gidari bat. Egun batzuk lehenago egin zioten eraso hainbat pertsonak, lanean ari zenean. Urtea hasi zenetik, gutxienez 36 langile erail dituzte haien lanpostuetan Euskal Herrian. Sindikatuen esanetan, 44rainokoa izan daiteke kopuru hori.