Hildako langile bat eta zauritu bat asteburuan, Baionan eta Idiazabalen

Larunbatean zendu zen igandetik Baionako ospitalean zegoen autobus gidaria: lanean ari zela jipoitu zuten hainbat pertsonak. Bestalde, ostiralean zauritu zen behargin bat Idiazabalgo enpresa batean, tona bateko pieza bat gainera erorita.
Argazki Nagusia
2020ko uztailaren 13a

Uztailaren 5ean, igandea, autobus gidari bati eraso egin zioten Baionan (Lapurdi), soldatapean lanean ari zela. Maskara jartzeko eskatu zienean, bortizki oldartu ziren haren aurka hainbat pertsona, eta jipoitu egin zuten. Konorterik gabe utzi zuten behargina. Baionan bertan ospitaleratu zuten gero, eta garun-heriotza egoeran iragan zituen hainbat egun, aurreko larunbatera arte: egun horretan zendu zen 58 urteko langilea.

Iragan asteazkenean, uztailak 8, ehunka lagun irten ziren kalera Lapurdiko hiriburuan, Chronoplus autobus sareko lankideak tartean, gertatutakoa salatzeko eta senideei elkartasuna adierazteko. Langileek astelehenetik izan dituzte geldirik sare horretako autobusak, enpresako zuzendaritzak eta sindikatuek segurtasunarekin lotutako neurri berriak negoziatu bitartean. Antza, gaur ekingo diete soldatapeko lan-orduei.

Zauritu bat Idiazabalen

Pasa den ostiralean, uztailak 10, behargin bat zauritu zen Idiazabalgo (Gipuzkoa) enpresa batean. Tona bateko pieza bat erori zitzaion gainera, beheko gorputz-adarrak azpian hartuz. Gainera, lurrera erori eta buruan kolpe bat izan zuen langileak.

2020. urtea hasi zenetik, eta Baionan izandako azken erailketa gehituta, Euskal Herrian gutxienez 35 langile erail dituzte haien lanpostuetan. Sindikatuen arabera, 43raino heldu daiteke zenbateko hori.