Josu Urrutikoetxea baldintzapean aske utziko dute gaur

Josu Urrutikoetxea euskal preso politikoa Parisko La Santé presondegitik aterako da gaur, uztailak 30. Espetxe-zerbitzuen aurrera agertu behar du lehenik, eta ondotik, zigorra etxean amaitu beharko du, bere osasun-arazoak direla eta.
Argazki Nagusia
2020ko uztailaren 30a

Gaur, uztailak 30, Parisko Dei Auzitegiaren aginduz, baldintzapean aske utziko dute Josu Urrutikoetxea. Hala, espetxe-zerbitzuen aurrean pasatu ostean, La Santé kartzelatik atera eta etxean beteko du kartzela zigorra, eskumuturreko telematikoaren kontrolpean. Paristik ezingo da atera momentuz, eta auzitegiak jarritako hitzordu guztietan bertaratu beharko du derrigorrez. Sei hilabetez iraungo du erregimen horretan, eta nortasun agiri zein bestelako dokumentuak hartuak izan zaizkio Frantziako Estatutik, ez dadin atera.

Baldintzapeko zigorra betetzeko, Parisko III. barrutiko etxe bat izango du bere esku. Egunean bi orduz atera ahalko da etxetik goizean, eta bost orduz arratsaldean, astelehenetik ostiralera. Asteburuetan, aldiz, sei orduz egon ahalko da etxetik at. 

Alpeetan atxilotu zuten Urrutikoetxea, eta 2019. urtetik izan dute preso La Santé espetxean. Dena dela, osasun-arazo ezberdinak izan arren, behin eta berriz ukatua izan zaio baldintzapeko askatasuna. Auzitegiko presidentearen arabera, ezarritako baldintzaren bat ez betetzeak kartzelara itzuli behar izatea eragingo luke.