AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2019/04/30 10:21

Eunateko institutuko zuzendaritzak eta Hezkuntza Departamenduko zuzendari nagusiak ez diote utzi ikasle mugimenduari kontrol kameren inguruko negoziaziorako ordezkari propioak aukeratzen. Iruñerriko Autodefentsa Sareak jakinarazi duenez, aukera bat baino gehiago jarri dizkiete mahai gainean. Zehazki institutuko ikasle ohiak eta Ikasle Abertzaleetako kideak izan dira Eunateko ikasleek proposatu dituzten ordezkariak. Aurkeztu zaizkion zerrendak ikustean baina, atzera egin du zuzendaritzak: “Gure ordezkari propioak aukeratzeko gaitasuna eta eskubidea mespretxatzeaz gain, beraiek aukeratu nahi dute nor den ikasleen ordezkaritza mahai horretan”.

Ikasturte honetan, institutuan 13 kontrol kamera jarri zituen zuzendaritzak, aldebakarreko erabakiz. Klase elkartasuna ardatz hartuta ekin zioten borrokari, institutuan bertan antolatuz aurrena – prentsaurrekoak, ikasle asanbladak, auzo batzarrak, sinadura bilketak, manifestazioak…-, eta langile mugimendua ahultzeko ezarritako banaketak gainditzera joz ondoren, autodefentsa sareen bidez. Hainbat ezezko jaso eta traba ugari salatu ondoren -besteak beste, paroak egiteko debekuak, Iruñerriko eta Euskal Herriko beste hainbat txokotako sareen antolakuntzari esker, ehunka ikasle irten ziren kalera martxoaren 21eko Baterajotze Nazionalean. Han jakinarazi zuen mugimenduak, langile elkartasuna hartzen ari zen dimentsioa ikusirik, negoziazio mahaia irekitzeko borondatea agertu ziela zuzendaritzak.

“Zuzendaritzak aurretik ikasle mugimenduko kideen aurka pertsonalki jo duela ikusita”, ikasle mugimenduak erabaki zuen beren ordezkariak ezin zirela izan gaur egun Eunaten dabiltzan ikasleak. Hala, ikasle ohiei ez ezik, Ikasle Abertzaleetako bi kideri eskatu zieten ordezkari lanak egiteko: “Ikasle Abertzaleak izan da hasieratik babesa eman diguna borroka honi ekiteko, urteetako borrokak dakarren esperientzia eta bere esku dituen baliabide politiko eta logistikoak guri eskainiz”. Zuzendaritzak, ordea, ez ditu negoziazio mahaian nahi.

Argi genuen prest egon behar genuela aurrera jarraitzeko”

“Demokraziaz, bizikidetzaz eta elkarrizketaz” etengabe mintzo zaizkiela kritikatu dute, baina benetako orduan “aitzakiak” baino ez dizkietela jarri. “Benetan nahi duzue elkarrizketa mahaia abian jarri eta kamerak kentzeko prozedura adostu?”, galdetu dute ikasleek: “Kontrakoa adierazten ari zarete egunak pasatu ahala”.

Dena den, argi utzi dute erabakiak ez dituela harritu, eta borrokan jarraituko dutela hurrengo asteetan ere: “Uste zuten baterajotzea paroak debekatuz geldituko zutela, uste zuten borrokatzeari utziko geniola mahaia ireki nahi zutela esate hutsagatik. Baina argi genuen ezin genuela beraiengan konfiantza jarri, prest egon behar genuela aurrera jarraitzeko”.

EZ DAGO IRUZKINIK