Eunateko Zuzendaritzak elkarrizketa mahaia irekitzea onartu duela iragarri dute, ehunka lagun batu dituen Baterajotze Nazionalean

Iruñerriko Autodefentsa Sareak pasa den astean deitu zuen baterajotze nazionalean 600dik gora ikasle eta langile batu dira gaurkoan. Anttoniuttitik hasi da manifestazioa, ‘Kontrola zuen bidea, autodefentsa gurea!’ lemapean. Mobilizazioaren amaieran, “zuzendaritzak elkarrizketa mahaia irekitzea onartu duela” iragarri dute ikasleek.

Argazkia: Ikasle Abertzaleak

Gaur Anttoniuttin bildu dira ehunka ikasle eta langile Eunateko Institutuak ezarritako “neurri errepresiboaren aurka”.  Ikasle Abertzaleek ere, azken asteotan jazotako gertakarien ondoren, bertan parte hartzera eta egun osoko grebak eta paroak egitera deitu zituzten Euskal Herriko ikasleak. Horrela, baterajotzeak Euskal Herriko hainbat txokotatik ekarri du jendea Txantreako auzora.

Ikasle Abertzaleek “ikastetxean burutzen den jardun politikoa errepresio pean aurkitzen dela etengabe, eta honek oinarrizko eskubide politikoen urraketa suposatzen duela” salatu dute, horregatik, “kamerak kentzearen aldeko eta ikasle eta langileen defentsaren hautua egin dutenak deitu dituzte gaurko deialdira”.

Hamabiak jota hasi da manifestazioa eta Iruñeako hainbat kale bete dituzte manifestariek, mobilizazioan zehar etengabe kameren kontrako oihuak entzun dira; polizia nazionalaz inguratuta egin dute ikasleek manifestazioa baina ez da istilurik egon.

Manifestazioaren amaieran, Eunateko ikasleek eskerrak eman dizkiete bertaratu diren guztiei. Eunateko Institutuko Zuzendaritzak elkarrizketa mahaia irekitzea onartu duela esan dute; haren posizioaren zain, “borrokan jarraitzeko konpromisoa” erakutsi dute.

Klase elkartasuna giltzarri

Orixeko Institutuan jazotakoarekin ikusi zen moduan, Eunaten ere “klase autodefentsa” aldarrikatu dute borrokaren oinarri bezala. Eta horren adibide izan da gaurko baterajotzea, Euskal Herriko hainbat txokotatik gerturatu baitira ehunka pertsona Eunateko ikasleek bizi duten egoera salatzera eta kamerak kentzeko aldarrikatzera. Elkarrizketa mahaia bera ere “autodefentsa bitartez” lortu dela esan dute bertako ikasleek.

Urte osoko borroka

Ikasturte guztian zehar ari dira Eunateko ikasleak Hezkuntza Sailak eta Institutuko Zuzendaritzak elkarlanean jarri zituzten kameren aurka lanean. Izan ere, “bandalismo ekintzak” saihesteko aitzakipean ikasturte osoa daramate kamerek Eunateko ikastetxea bigilatzen. Azken asteotan ere Iruñerriko hainbat Institututan Baterajotze Nazionalera joateko debekuak salatu dituzte zuzendaritzen partetik. Oztopoak oztopo, ehunka pertsona batu dira gaur Iruñean, eta elkarrizketa mahaiaren irekiera iragarri arren, ikasleak “kamerak kendu arte borrokan jarraitzeko konpromisoan” berretsi dira.