Estradizio arriskuan daude Iratxe Sorzabal, David Pla eta Nekane Txapartegi

Frantziako Auzitegi Gorenak atzera bota du Iratxe Sorzabalen auzia Luxemburgoko Auzitegira eramatea, hark jasandako torturak egiaztatuta dauden arren. Hala, Kasazio Auzitegiak onartu egin du preso politikoa Espainiaratzea. Bestalde, David Pla ere estraditatzea onartu berri du Parisko Dei Auzitegiak, '(h)Alboka' auziaren harira. Nekane Txapartegi errefuxiatu politikoari dagokionez, hura atxilotzeko euroagindua igorri du Espainiako Gobernuak. Espainiako Auzitegi Nazionalak maiatzean deitu zuen deklaratzera, baina ez zen agertu. Txapartegik ere torturak salatu zituen 2009. urtean.
Argazki Nagusia
Protesta Suitzako kontsuletxe aurrean. Argazkia: Dabid Anaut
2019ko azaroaren 20a

Une honetan, estradizio arriskuan daude Iratxe Sorzabal eta David Pla preso politikoak, zein Nekane Txapartegi errefuxiatu politikoa. Sorzabalen kasuan, Parisko Dei Auzitegiak urrian onartu zuen hura Espainiaratzea, eta Kasazio Auzitegiak atzera bota duenez Luxemburgoko Auzitegira jotzea, ontzat eman du estradizioa. Urrian Sorzabalekin egin bezala, Parisko Dei Auzitegiak gaur, hilak 20, jakinarazi du onartu egin duela Pla estraditatzea. Haren abokatuek helegitea aurkeztuko dute Kasazio Auzitegian. Indarrean da Txapartegi Espainiaratzeko arriskua ere; izan ere, Espainiako Auzitegi Nazionalak maiatzean deitu zuen deklaratzera, baina bertaratu ez zenez, egun Suitzan bizi den errefuxiatu politikoa atxilotzeko euroagindua igorri du Espainiako Gobernuak.

Sorzabal eta Pla, 2015. urtean atxilotuak

2015. urtean Baigorrin (Nafarroa Beherea) atxilotu zituzten Sorzabal eta Pla, ETA erakundearen zuzendaritzako kide izatea leporatuta. Sorzabalen aurkako akusazioak, oinarri ditu hark 2001. urtean egindako adierazpenak. Guardia Zibilaren torturapean egin zituen adierazpen horiek. Frantziako Auzitegi Korrekzionalak iragan otsailean jakinarazi zuen bien aurkako zigorra: zazpi urteko kartzela zigorra ezarri zion Sorzabali, eta bost urtekoa Plari. Egun Frantziako Estatuan dute preso Sorzabal, baina Pla apirilean atera zen espetxetik, eta Hendaian (Lapurdi) bizi da gaur gaurkoz.

Sorzabalek jasandako torturak egiaztatuta geratu diren arren, iragan urrian onartu zuen Parisko Dei Auzitegiak presoa estraditatzea, Espainiako Auzitegi Nazionalaren euroagindu eskaerari men eginda. Abokatuak Parisko Kasazio Auzitegiari galdegin zion Luxemburgoko Auzitegira jotzeko, torturen inguruan galdetzeko, eta beraz, euroagindua zalantzan jartzeko. Kasazio Auzitegiak, baina, begi onez ikusi du Sorzabal Espainiaratzea.

Bestalde, Sorzabalen estradizioari baiezkoa eman eta aste gutxira onartu du Parisko Dei Auzitegiak Pla ere estraditatzea. Ontzat eman du Espainiako Auzitegi Nazionalak 2011. urtean egindako eskaera, (h)Alboka izeneko auziaren barruan. Hain zuzen, ETAren eta EPPKren arteko "lotura" ehuntzea egotzi diote, baita kolektibo hori "kontrolatzea" ere. 2010. urtean atxilotu zuten auzi horren harira, baina hainbat egunera askatu zuten.

Izatez, Frantziako Estatuan bizitzea galarazita du Pla preso ohiak, baina Dei Auzitegiak onartu egin zuen debekua martxan ez jartzea, haren aurkako euroagindua ebatzi bitartean. Orain, ordea, mahai gainean dago erabakia, nahiz eta Plaren abokatuak jakinarazi duen helegitea aurkeztuko duela Kasazio Auzitegian.

Txapartegi, deklaratzera deitua

Egun Suitza du bizileku Nekane Txapartegi errefuxiatu politikoak, bertako gobernuak babesa eman ez badio ere. 2009. urtean atxilotu zuten asteasuarra, 18/98 sumarioaren barruan. Hala, Espainiako Auzitegi Nazionalak zazpi urteko espetxe zigorra ezarri zion, Txapartegik ere torturak salatu bazituen ere. Suitzara jo zuen gero, eta bertan atzeman zuten 2016. urtean. Berriz kartzelaratu zuten, baina 2017. urtean irten zen presondegitik. Auzitegi Nazionalak, gainera, baliogabetu egin zituen haren aurkako akusazioak.

Dena den, Europan agiri faltsuak erabili izana leporatu dio Txapartegiri Espainiako Auzitegi Nazionalak, auzi berri bati bide emanez. Hura atxilotzeko euroagindua igorri du, beraz, Espainiako Gobernuak.