Araluceko makinak lantokitik ateratzeari ekin dio Ertzaintzak, epaitegi baten aginduz

Batz taldeak azaroan eten zuen, bat-batean, Igorreko Araluce lantegiko jarduera. Azaroa erdialdetik, bertako makineria atxikita izan dute beharginek, enpresaren itxierari aurre egiteko asmoz. Greba ere hasi zuten. Dena den, Bilboko Merkataritza arloko bigarren epaitegiak agindu du lantokia ixtea, eta gaur bertaratu dira konkurtsoko administratzaile bat eta Ertzaintza, makinak ateratzeko. Bertan izan dira langileak; guztira, 141 kaleratu dituzte.
Argazki Nagusia
Argazkia: Imanol Magro
2019ko abenduaren 26a

Iragan urrian jakinarazi zuen Batz Kooperatibak Igorreko (Bizkaia) Araluce lantokia ixteko asmoa zuela. Hala, azaroaren 8an, likidatzaile bat eta Ertzaintza bertaratu ziren enpresara; gaueko txanda egiten ari ziren langileak kanporatu, eta eten egin zuen bertako jarduna. Modu horretan kaleratu zituzten Araluceko 141 beharginak.

Egun horretan, materiala eramaten ere saiatu zen Polizia, baina langileak bildu ziren lantokiaren aurrean, eta trokelak eramatea ekidin zuten. Azaroaren 15etik, atxikita izan dute enpresako makineria ere; itxialdiak egin dituzte bertan, eta greba hasi zuten azaroa erdialdean, itxierari aurre egin asmoz. Dena den, Bilboko Merkararitza arloko bigarren epaitegiaren aginduz, gaur ertzainak agertu dira berriz Aralucen, eta makinak ateratzeari ekin diote. Abenduaren 18an eman zuen agindua epaitegiak.

Berria-k azaldu duenez, konkurtsoko administratzailea eta Ertzaintza bertaratu dira Igorreko lantegira. Guztira, Poliziaren zazpi auto eta furgoneta bat joan dira. Langileak ere bertan izan dira protestan.