Adierazpen esanguratsuekin estreinatu du bere agintaldia Donostiako (Gipuzkoa) alkate berriak, Jon Insaustik (EAJ). Aurreko asteazkenean kargua hartu eta hurrengo egunetan, hainbat komunikabidek egin diote tokia jeltzaleari, eta aukera baliatu du hainbat gai estrategikoren inguruan hitz egiteko eta jarrera markatzeko. Hizpide izan ditu, nola ez, "segurtasuna" eta "delinkuentzia", eta legeak gogortzea aldarrikatu du.
Diario Vasco-k segurtasunaren arloan izango duen esku-hartzeari buruz galdetu dio Insaustiri, eta hala erantzun du jeltzaleak, baliabide polizial gehiago hitzemanez: "Donostia beti izan da hiri segurua, eta hala izaten jarraitu behar du. Hiriko segurtasun-mapa osatu behar da; Ertzaintzaren egoitza Antiguan, udaltzaingoaren egoitza Morlansen, polizia-etxe bateratu berria Egian eta udaltzaingoaren beste bat Ekialdeko Barrutian".
Horrez gain, baina, zuzenean seinalatu ditu pertsona migratzaileak, haiek "delinkuentziari" lotuz eta neurri errepresibo legalak galdeginez. "Legedian aldaketak eskatu behar dira, berriro sarri erortzen direnen ["multirreincidentes"] kasuak kartzelarekin edo kanporatzearekin amai daitezen", azaldu du elkarrizketan: "Delituak egiten dituenari ezin zaio bere ekintza dohainik atera. Legedian aldaketa bat eskatu behar da, hori baita gure segurtasun-arazorik handiena".
Beraz, legea gogor dezatela eskatu du alkate berriak, defendatuz gaur egungo legegintzak ez diola "erantzunik ematen" Donostian omen dagoen "kasuistikari". Adierazi du, gainera, gutun baten bidez neurriak eskatu dizkiola jada Espainiako Estatuko Justizia ministroari, errepikatzen diren "berrerortze" kasuei aurre egiteko.
Horrekin batera nolabaiteko elkarlana erreibindikatu du Insaustik; bai "inguruko alkateekin eta Diputatuen Kongresuan dauden alderdi guztiekin hitz egitea" beharrezkotzat jota, bai "Europako sareetan presente egoteko" beharra aipatuta. "Gaur [azaroaren 2a] txosten bat sinatu dut sare horietan parte hartzeko eskatuz, eta horrek aukera emango digu Europako beste herrialde batzuetako poliziekin harremanetan jartzeko, haiek arduratu daitezen delitugileez", dio.
Eneko Goiak urrian jakinarazi zuen dimisioa emango zuela Donostiako alkate gisa, eta horren ondoren hartu du kargua Insaustik. Bere agintaldiko azken unera arte, pertsona migratzaileen kontrako diskurtso antzekoa izan zuen Goiak ere. Hala hitz egin zuen urrian bertan, migranteen kanporatzearen alde: "Mundu guztian hala egiten da; errotzerik ez duten eta delituak egiten dituzten pertsonak haien jatorrizko herrialdera kanporatzea".