Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) egun osoko egitarau bat antolatu du Bilbon (Bizkaia) igande honetarako, Gabriel Aresti poeta komunistaren heriotzaren 50. urteurrena dela-eta. Hiru hitzaldi antolatu ditu goizerako Campos Eliseos antzokian, hainbat gonbidaturekin: Arestiren figurari buruz, artearen eta politikaren arteko harremanari buruz nahiz euskarari buruz arituko dira, goizeko 10:00etatik aurrera.
Egitarauaren barruan, bere azken antzezlana estreinatuko du Ekida Arte Ekimen Sozialistak, 19:30ean Bilboko Kafe Antzokian. Bigarrenez Aresti etorkizunaren aurrean da antzerki-lanaren izena. Ekidako kideen esanetan, Arestiren "figura eta obra berreskuratzeko asmoa" izan dute, eta bere "bizitzan eta lanetan oinarritutakoa" da ekoitzi duten antzezlan berria; "ez, ordea, iraganari begiratuta, ezpada Arestiren figura etorkizunaren aurrean jarrita. Ez memoria bidezko omenaldia egiteko, ezpada Arestik oraindik gaurkorako eta biharkorako balio digula aldarrikatzeko".
"Gabriel Aresti, beti gizakiaren alde paratuko zela esan zuena, poesia mailu bat dela aldarrikatu zuena, hil arte euskaldun eta marxista izango zela zin egin zuena. Nor zen, baina? Ezagutzen al dugu benetan bere izaera eta bere pentsamendua? Etengabe posizionatu zen, baina zein posizio hartu zuen?", galdegin du Ekidak ekoizpen berriaren nondik norakoak xehatzean. Aurreratu du, gainera, idazlearen olerkiekin eta testuekin egindako abestiak entzuteko aukera izango dela emanaldian zehar, eta lau aktorek eta bederatzi musikarik parte hartzen dutela bertan.
Beste lau emanaldi
Bilbon asteburu honetan izango den aurkezpenaren osterako, beste lau hitzordu zehaztu ditu jada Ekidak. Maiatzean izango dira hurrengo bi emanaldiak, 17an Atarrabiako (Iruñerria, Nafarroa) Kultur Etxean eta 25ean Kanboko (Lapurdi) AIEC aretoan. Ekainaren 6an, Gasteizko (Araba) Beñat Etxepare antzokian egongo da Bigarrenez Aresti etorkizunaren aurrean lanaz gozatzeko aukera, eta ekainaren 20an, berriz, Azkoitiko (Gipuzkoa) Baztartxo antzokian.