AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Nafarroako Landaben industrialdeko Volkswagen lantegia.
2022/03/16 10:59

ISN enpresa-taldearen atal bat da ISNN enpresa. Volkswagenek azpikontratatuta dauka, eta Landabengo (Nafarroa) plantako katean, kotxeen zorroen akaberaz arduratzen da. 40 langilek osatzen dute azpikontrataren plantilla eta, salatu dutenez, 1.000 euro garbi baino gutxiago jasotzen dituzte hilean.

Hori ez ezik, "osagarririk gabe", aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente bat (ABEE) ezarri dietela salatu dute, eta horrek euren diru-sarrerak arras txikitu dituela hilabete luzez. Pandemia testuinguruan etengabe aplikatu ziren gisa horretako neurriak hainbat lantegitan, Volkswagenen plantan kasu, baina Espainiako Gobernuak onartutako lan erreformak RED mekanismoa jarri du martxan; ABEEen tramitazioa iraunkortzen du horrek.

Beharginen eskariak

Egoerari aurre egiteko, bi aste iraungo duen greba bat hastea erabaki dute langileek, eta soldata igoeraren eskaera da nagusi. Urteko soldata 22.500 eurokoa izatea eskatzen dute, bai eta zenbatekoa 2022ko Kontsumorako Prezioen Indizearen (KPI) arabera egokitzea ere.

Horrez gain, behin-behineko lan-kontratuak mugagabeak zein lanaldi osokoak bilakatzea eskatzen dute beharginek, bai eta soldatak ordaintzean izan diren atzerapenengatik kalte-ordainak jasotzea ere. Antza, ordainketen berandutzeak "oso ohikoak" dira ISN taldean.

Hartara, gaur, martxoaren 16an, ekin diote grebari, eta eguerdiko 13:30ean batuko dira langileak Iruñerriko (Nafarroa) Volkswagen plantako lehen atean.

EZ DAGO IRUZKINIK