AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/08/07 10:53

"Ez dugu egoera hau gehiago luzatzerik nahi, eta irtenbide bat exijitzen dugu". Hala adierazi zuten Gasteizko (Araba) Gazte Koordinadora Sozialistak eta Etxebizitza Sindikatuak maiatzean, Txosna Batzordeak jarritako beto politikoaren kontra egindako mobilizazioan. Dena den, egoera bere horretan iraunarazi du Txosna Batzordeak: beste behin ere, debekatu egin die GKSri eta Etxebizitza Sindikatuari ohiko txosnagunean leku bat edukitzea eta, hamaika eragilek egiten duten modura, txosna bat jartzea.

Txosna Batzordean gehiengoa edukita, EH Bildu-Sorturen ekimenez jarri diete debekua GKSri eta Etxebizitza Sindikatuari, eta, gero, beto hori babestu du Gasteizko Udalak (EAJ alkatetzan egonda duela gutxira arte, eta PSE-EE gaur egun). "Legez edozein eragilek espazio publikoa erabiltzeko bermea izan beharko lukeen arren, EAJ-PSEk osaturiko udal taldeak men egin dio Txosna Batzordeak ezarritako betoari, eta ez digu inolako alternatibarik onartu ez eta bestelako irtenbiderik proposatu", salatu zuen Mugimendu Sozialistak maiatzean.

Eskubide baten aldarria

GKSren eta Etxebizitza Sindikatuaren aurkako beto politikoa indarrean egonda heldu dira aurtengo Gasteizko jaiak ere. Festen hasierari begira, baina, kalera atera eta ekimen indartsu bat antolatu zuen Mugimendu Sozialistak: abuztuaren 3an, bertso-poteo bat egin zuten Gasteizko Alde Zaharrean zehar, betoaren kontrako aldarria zabaltzeko. Amets Arzallus, Oihane Perea ta Julio Soto bertsolariek abestu zuten saioan.

Abuztuaren 5ean (aurreko larunbatean), bestalde, beste pauso bat eman zuten GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak: txosna bat jarri zuten Gasteizko campuseko Letren fakultate aurrean, Txosna Batzordeak kudeatzen duen txosnagunetik gertu, egitarau potolo batekin. Parte hartu zuten, hala nola, Garik, Idoia Asurmendik, J Martinak, Skareggekaskok, Maixak eta Malakiasek. Jendetza bertaratu zen Letren fakultate aurrera, eta giro aparta izan zen gau guztian zehar.

"Bi urte daramatzagu GKStik eta Etxebizitza Sindikatutik Gasteizko jaietan txosna jartzeko eskubidea aldarrikatzen. Denbora honetan guztian, geroz eta ahots gehiago izan dira txosnetan jarri zaigun beto politikoaren kontra agertu direnak", esan zuten bi eragileek larunbatean, txosna bat ipini zutela jakinaraztean. "Egoera hori konpontzera begirako gure borondatea argia izan da hasieratik. Hala ere, Txosna Batzordeak entzungor egiten jarraitzen du", gaineratu zuten.

Datorren ikasturterako deia

Jasandako beto politikoaren kontra babesa adierazi dieten guztiei eskerrak eman dizkiete GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak. Gainera, berriz hitz egin diote Txosna Batzordeari: "Argi dago egoera honek irtenbide bat behar duela. Horregatik, datozen jaiei begira, dei egiten dugu Txosna Batzordeak ikasturte hasieratik auzi honen ardura har dezan eta aterabide baten alde lan egin dezan".

EZ DAGO IRUZKINIK