AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/05/08 09:12

Gasteizen (Araba), jaietan txosna bat jartzea debekatu die Txosna Batzordeak Gazte Koordinadora Sozialistari eta Etxebizitza Sindikatuari. Txosna Batzordeak, Ezker Abertzalearen ekimenez, iaz jarri zien debekua Mugimendu Sozialistako bi eragileei, eta beto politikoa mantendu du aurten ere, abuztu honetako festei begira. Gasteizko Udalak, gainera, bat egin du Txosna Batzordearen jarrerarekin: ez die aurtengo jaietan gune bat izateko inolako aukerarik eman GKSri eta Etxebizitza Sindikatuari, eta ez die Txosna Batzordeak kudeatutako espaziotik kanpo toki bat edukitzeko inolako alternatibarik eskaini. Gaur-gaurkoz, beraz, GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak debekatuta daukate Gasteizko festetan gune bat izatea.

Mugimendu Sozialistak, beraz, protestara deitu zuen: mobilizazio bat antolatu zuen joan den larunbaterako, GKSri eta Etxebizitza Sindikatuari ezarritako beto politikoaren aurka eta irtenbide baten alde. "Ez dugu egoera hau gehiago luzatzerik nahi, eta irtenbide bat exijitzen dugu", adierazi zuten bi eragileetako kideek asteburuan.

Beto politikoaren atzean

"Argi esan genuen iaz, eta argi diogu gaurkoan ere: beto politiko hau mantentzean interes handiena dutenak EH Bildu-Sortu dira. Hasiera-hasieratik izan dira neurri hori [beto politikoa] bultzatu dutenak", salatu zuten larunbatean GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak. "Ondotxo dakite zein den txosna jartzearen garrantzia instituzioetatik kanpo jarduten dugun eragileontzat: gure jardun politikoa ekonomikoki sostengatzeko ezinbesteko bitartekoa izateaz gain, eragile politikook jaietan parte hartzeko dugun modu nagusia dira, gure jarduna sozializatzeko aukera eskaintzen baitute", gaineratu dute: "Horregatik jarri digute betoa txosnetan. Mugimendu Sozialistaren hedapenarekin gazteen artean nagusitasuna galtzen ari direnez, gure jardun politikoa oztopatzeko asmo argia dute".

"Mugimendu Sozialistaren adierazpenak zokoratzeko eta indargabetzeko helburuarekin hartutako neurria da [beto politikoa]", jarraitu zuten xehatzen GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak. Horren adibide modura aipatu zituzten Euskal Herriko hamaika herritan Mugimendu Sozialistari jaietan gune bat izateko Ezker Abertzaleak "jarritako trabak, ahal izan duten toki guztietan saiatu baitira gu txosnetatik kanpo uzten"; hala nola, Hernanin (Gipuzkoa), Lazkaon (Gipuzkoa), Lesakan (Nafarroa), Deustun (Bilbo, Bizkaia), Egian (Donostia, Gipuzkoa) eta Gasteizen. "Demokraziaz ahoa betetzen zaie eta, bien bitartean, ez dute desberdin pentsatzen dugunokin espazio zabalik partekatzeko ez eta lekurik uzteko inolako borondaterik", seinalatu dute GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak.

Gasteizen, gainera, hori "aurpegia zikindu gabe egiten saiatzen ari dira", ohartarazi dutenez: "Txosna Batzordean dauden eragileen artean gehiengoa edukita, haren izenean egin dute mugimendua". Urte honetan ere "ikasturte hasieratik" adierazi dute GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak "irtenbide eta aukera ezberdinen inguruan pentsatzeko borondatea", baina eurekin hitz egiteari uko egin dio Txosna Batzordeak.

Udala, Txosna Batzordearekin bat

Txosna Batzordeak GKSren eta Etxebizitza Sindikatuaren kontrako beto politikoa indarrean mantentzen duen honetan, Gasteizko Udalak jarrera hori babesten du, Mugimendu Sozialistak azaldu duenez: "Betoa babestu eta jaietan gu espazio publikotik baztertzeko hautua egin du". "Legez edozein eragilek espazio publikoa erabiltzeko bermea izan beharko lukeen arren, EAJ-PSEk osaturiko udal taldeak men egin dio Txosna Batzordeak ezarritako betoari, eta ez digu inolako alternatibarik onartu ezta bestelako irtenbiderik proposatu", jakinarazi dute GKSk eta sindikatuak.

"GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak Gasteizko jaietan txosna bat izan dezagun egon daitezkeen bide posible guztiak albo batera utzi ditu" udalak, eta horren adibidetzat jo dute aurreko ostegunean gertaturikoa. Egun horretan, udaletxe aurrera bertaratu ziren GKSko eta Etxebizitza Sindikatuko hainbat kide, txosnen auzian "irtenbide bat exijitzeko". Udalak, baina, eurekin hitz egiteari uko egin eta polizia-indarrak bidali zituen Plaza Berrira. Han zeuden pertsonak mehatxatu zituen poliziak, modu bortitzean kanporatuko zituztela eta isun erraldoiak jarriko zizkietela esanez.

Konponbide erraza

Berriz nabarmendu du Mugimendu Sozialistak "konponbide erraza" daukala gaur egungo egoerak: gainerako eragileei baimentzen zaien modura, GKSri eta Etxebizitza Sindikatuari ere utz diezaietela festetan gune bat izaten eta txosna bat jartzen. Zehazki, ondoko eskaera zehatzak egin dituzte bi eragileek: "EH Bilduk eta Sortuk eten dezatela behingoz gure kontrako beto politikoa", "Txosna Batzordean betoaren alde egin duten eragileek hartutako erabakia zuzen dezatela" eta, udalari dagokionez, GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak "txosna jarri dezaketela berma" dezala. "Espazio publikoa berdintasunean erabiltzeko eskubidea bermatzeko azken aukera orain daukazue", esan dute, udalari hitz eginda.

"Egoerari irtenbidea emateko gure borondatea argia da. Orain, zuena da erantzukizuna", aldarrikatu zuen Mugimendu Sozialistak.

EZ DAGO IRUZKINIK