AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/02/13 10:25

Iratxe Sorzabal preso politikoa berriz iker dezatela agindu du Espainiako Auzitegi Nazionalak, ETAk 1996an Irunen (Gipuzkoa) egindako ekintza batengatik: Ramón Doral ertzainaren hilketarengatik, hain zuzen ere. Sumario horren instruktoreak, Ismael Serranok, 2023ko apirilean erabaki zuen Sorzabalen kontrako eginbideak artxibatzea (bigarrenez, 2016an ere berdin egin baitzuten), iritzita ez zegoela irundarra zigortzeko nahikoa pisuzko froga. Fiskaltzak ere bat egin zuen ebazpen horrekin.

Terrorismoaren Biktimen Elkarteak (AVT, gaztelerazko sigletan), ordea, helegite bat aurkeztu zuen, eta hura ontzat eman du orain Serranok, iaz berak emandako ebazpenari kontra eginda. Beraz, berriz ireki dute 13/96 sumarioa, eta ikerketapean jarri dute Sorzabal.

Ertzaintzak kasuari buruzko atestatua aldatu eta, ustez, "informazio gehiago eman" du berriki. Hala adierazi du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak. Duela 26 ireki zuten atestatu hori, eta hainbat pertsonari egozten zieten 1996ko ekintza: Sorzabal, Ainhoa Adin, Xabi Irastorza, Asier Oiartzabal, Markos Sagarzazu eta Iñaki Telletxeari. Beste zenbait hedabideren arabera, Guardia Zibileko Zuzendaritza Laguntzaile Operatiboak (DAO, gaztelerazko sigletan) ere informazio berria eman du 2024ko urtarrilean, ustez, gailuen azterketa informatiko bati lotuta.

Idatzizko mezu bat da Sorzabalen kontra 2022an mahaira atera zuten ustezko frogetako bat, "autokritika" edo "cantada" (gazteleraz) gisa izendatu izan dutena. Frantziako Estatuko polizia-indarrek idatzi bat topatu zuten 2002an, Catresko gordeleku batean: antza, ETAko militanteak elkarren artean komunikatzeko mezu bat zen, eta Sorzabali leporatu diote hura idatzi izana. Poliziak dio preso politiko irundarra 1996ko atentatuarekin lotzen duela mezu horrek.

1997tik jazarria

Sorzabal 1997an atxilotu zuten lehenengoz Frantziako polizia-indarrek, eta hiru urteko zigorra ezarri zioten, "talde armatu bateko kide" izatea egotzita. 2001ean ere atxilotu zuten, baina Espainiako Estatuko Guardia Zibilak, kasu horretan: Sorzabalek hainbatetan salatu du torturak jasan zituela atxiloaldian, nahiz eta auzitegiek hamaika aldiz egin dieten entzungor salaketa horiei. Orduan ez zuten epaitu, dena den, eta ihesera jo behar izan zuen.

Frantziako Estatuko agintaritzek, baina, "auzi-ihesean" zegoela ebatzi zuten 2006an. 2015ean atxilotu zuten, eta, orduan, bere kontra ezarritako bi zigor zituen betetzeke. 2021ean Espainiaratu zuten, Espainiako Auzitegi Nazionalak ere epaiketa bat egin ziezaion: 24 urteko zigor bat jarri zioten hurrengo urtean, 2022an. Madrilgo Estremeran espetxeratu zuten orduan, eta, gaur egun, Zaballan (Araba) daukate preso.

EZ DAGO IRUZKINIK