Gaur goizean, 09:00ak aldera, lan-istripuz hil da langile altsasuar bat Arbizun (Nafarroa). Fernando Urkian dagoen etxe batean ari zen lanean, hura eraberritzeko obran hain zuzen ere. Antza denez, kamioi batetik materiala husten ari zirenean gertatu da istripua: argitu ez dituzten arrazoiak direla medio, pladurrezko xafla batek kolpatu du behargina, eta bertan galdu du bizia. 52 urte zituen.
Hilabete baino ez da igaro 2025. urtea hasi zenetik, eta iturri sindikalen arabera, Euskal Herrian lau langile hil dira jadanik euren lanpostuan, lanera bidean edo lanetik bueltan.