AKTUALITATEA / Soldata sistema

Lan-heriotzek eta laneko istripuek gora egin dute Frantzian

L'Assurance Maladiek 2025eko datuak argitaratu ditu: besteak beste, 1.331 behargin hil ziren lanean edo laneko gaitzek eraginda, eta ia 700.000 lan-istripu erregistratu ziren. Horrez gain, agerian gelditu da emakume eta gazte langileen babesgabetasuna.
2026eko urriaren 19 - 16:59
Lan-heriotzek eta laneko istripuek gora egin dute Frantzian

Frantziako Estatuko Gizarte Segurantzaren L’Assurance Maladie instituzioak, urtero legez, 2025eko lan-heriotzen eta lan-istripuen berri eman du: iaz, estatu osoan barrena, gutxienez 1.331 behargin hil ziren lanean edo laneko gaitzek eraginda, eta ia 700.000 lan-istripu erregistratu ziren. Hala, hainbat sindikatuk datuok "oso kezkagarriak" direla nabarmendu dute; izan ere, 2024az geroztik gora egin dute bai lan-heriotzek, baita laneko istripuek ere.

Hain justu, datu ugarik sortu dute lanpostuen eta laneko jardunaren inguruko kezka. Batetik, 2025ean zehar, duela bi urte baino 34 lan-heriotza gehiago erregistratu zituzten. Hala, iazko ezbeharren erdia baino gehiago (783) laneko istripuetan jazo zen; lanerako bidean ehunka langile hil ziren, eta 204 heriotza kasu lotu ditu L’Assurance-k laneko gaixotasunekin; amiantoak eragindakoekin, bereziki. Bestetik, 2020az geroztik, bikoiztu egin dira Frantzian soldatapeko lanak eragindako zenbait gaitz; hain zuzen buruko-osasunarekin harremandurikoak: batik bat estresarekin, jazarpen sexualarekin, baita muturreko nekearekin ere. Emandako datuen arabera, gaitz horiek pairatu zituzten beharginen %65 emakumezkoak ziren.

Adinari dagokionez, sindikatuen beste ondorio bat langile gazteek beste sektore batzuek baino istripu gehiago pairatzen dituztela eta babesgabeago daudela da. Hala, 25 urtez azpiko langileak Frantziako biztanleria aktiboaren %11 baino ez badira ere, estatu osoko istripuen %16 haiek pairatu zituzten iaz, baita istripuen %23 ere. Gainera, langile gazteak ziren biktimak lan-heriotzen %17tan.

Hori guztia dela eta, CGT sindikatuak egoera horri aurre egiteko gobernuak hartu dituen hainbat neurri seinalatu ditu. Esaterako, hainbat dekretu prestatu dituzte, gaixotasunagatiko baimenak murriztu daitezen, eta patronalak galdeginda, Senatuak uztailean albo batera utzi zuen soldatapeko lanak eragiten dituen buruko gaitz nabarmenak agerian uzten zituen txosten bat. Are, CGTk salatu du gizarte-segurantzara bideratutako aurrekontua murrizten ari den bitartean, laguntza fiskalak ari direla ematen enpresa pribatuei.

Datuok irailaren 15eko borroka-egunaren atarian argitaratu ziren, baita hilabeteko azken astean hezkuntzako aldarri eta protestek eztanda egin aurretik ere. Ordutik, langile andana batu da ikasle eta irakasleen mobilizazioetara, eta iragan asteburuan bide horretatik ekin zioten salatzeari eta mobilizatzeari. Datu horiek guztiek, beraz, agerian uzten dute azaroaren 5erako Frantziako sindikatu nagusiek zergatik deitu duten lanbide arteko greba batera lurralde osoan, lan- eta bizi-baldintzen galera seinalatu eta borrokatzeko asmoz.