AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Hernanin, beste etxegabetze bat izan zen aurreko astean.
2023/06/14 09:47

Etxegabetua izateko arriskuan jarraitzen du Anoetako (Gipuzkoa) familia batek. Tolosaldeko Etxebizitza Sindikatuak maiatzaren 27an jakinarazi zuenez, egun bat lehenago, familia hori bere etxetik botatzen saiatu zen Ertzaintza. Une horretan, adingabe bat bakarrik zegoen etxean eta, gainera, ez zitzaien inolako kaleratze-jakinarazpenik helarazi horren aurretik.

"Instituzioen kudeaketa penagarriaren ondorioz, familiak ez zuen aurrez inongo jakinarazpenik jaso. Hala ere, Ertzaintza etxera azaldu [...], inpunitate osoz sartu eta etxegabetzea gauzatzen saiatu zen", azaldu dute berriki Etxebizitza Sindikatuko kideek: "Bai etxejabea bai Ertzaintza, inongo eskrupulurik gabe, familia bat kale gorrian uzteko prest agertu ziren".

Kaleratze-prozesua, zabalik

Familia horrek ez dauka bizitoki-alternatibarik ziurtatuta. Hala ere, etxegabetze saiakera horren ondoren, beste kaleratze-data bat finkatu zen haientzat hilaren 8an: ekainaren 12a, duela bi egun. "Egun pare bateko epea egin beharreko guztientzat", salatu du Etxebizitza Sindikatuak. "Kasuaren kudeaketak eta denbora-tarte laburrek etxegabetze-prozesu bat jasan beharraren estresa eta desesperazioa handitzen dituzte", gaineratu du.

Kaleratze-data atzeratu dute oraingoz, baina Etxebizitza Sindikatuak azpimarratu du etxegabetua izateko arrisku bizian jarraitzen duela familiak. "Gogor salatzen dugu egoera hori guztia, eta alternatiba erreal baten beharra aldarrikatzen dugu", esan dute sindikatuko kideek.

Bilera informatiboa ostiralean

Egoeraren berri izan nahi dutenei eta etxegabetzeari aurre egin nahi diotenei, dei bat luzatu die Tolosaldeko Etxebizitza Sindikatuak: bilera informatibo bat antolatu du datorren ostiralerako, hilaren 16rako. Anoetako Balio Anitzeko Gelan izango da bilera, 19:30ean hasita.

Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialista martxan

Aurreko larunbatean, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialista aurkeztu zuten Bilbon (Bizkaia). Azken urteetan tokian tokiko Kontseilu Sozialistek sortu dituzten Etxebizitza Sindikatuek (Tolosaldekoa kasu) indarrak batu dituzte, eta izaera nazionaleko tresna berri hori eratu dute, bide-orri bateratu bat oinarritzat hartuta: Etxebizitzaren Aldeko Borrokarako Proposamen Politikoa (irakurri hemen proposamena euskaraz, eta hemen gazteleraz).

EZ DAGO IRUZKINIK