AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / El Periódico de Aragón
2024/05/02 17:27

Zaragozako 6en kontrako auzian kondenatutako lau lagunetatik hiru espetxean daude jada. Aurreko asteburuan kartzelaratu zuten zigortutako pertsonetatik hirugarrena, eta espetxeratze-dataren zain dago laugarrena. Lau urte eta bederatzi hilabeteko zigorrak jarri dizkie Auzitegi Gorenak, faxismoaren aurka protesta egiteagatik.

Duela bost urte hasitako polizia-muntaiak, azkenean, lau gazteren kartzelaratzea izan du emaitza modura. 2019ko urtarrilean mobilizatu ziren Voxen kontra: alderdi faxistak ekitaldi bat egin zuen Zaragozako entzunaretoan, eta ehunka pertsona bildu ziren faxisten aurka protesta egiteko. Protestan zeudenen kontra oldartu zen Polizia, eta kargetatik ihes egitea lortu zuten sei lagun atxilotu zituzten gero, unibertsitatetik gertu dauden taberna batzuetan.

Lehenengo, Zaragozako Auzitegiak sei urteko kartzela-zigorra ezarri zien protestan atxilotutako sei pertsonei; Zaragozako 6ei. Hiru urteko zigor bat jasan zuten desordena publikoak eragitea leporatuta, eta beste hirukoa atentatua egitea egotzita. Gerora, 2021ean, are gogorrago egin zuen gazteen kontra Aragoiko Auzitegi Nagusiak: beste urtebeteko zigor bat gehitu zion ebazpenari, polizia-agenteei lesioak eragiteaz akusatuta.

Espainiako Auzitegi Gorenak, azkenean, hiru urte eta bederatzi hilabeteko zigor bat jarri zien desordenak eragiteagatik eta atentatua egiteagatik, eta beste urtebetekoa lesioak eragiteagatik. Hain zuzen ere, horixe izango da orain bete beharko duten kondena.

Muntaia poliziala

Hainbat kolektibo politikok (hala nola Libertad 6 de Zaragoza plataformak eta Zaragozako Koordinadora Antifaxistak) eta auzipetuen hurbilekoek behin eta berriz salatu dute Poliziaren muntaia prozedura judizialean. Hamaika aldiz azaldu dute ez dagoela Zaragozako 6en aurkako "froga objektiborik", eta errugabeak direlako gertatu dela hori.

Esaterako, Poliziaren kargen ondorioz izan ziren istiluetako irudiak erabili zituzten ustezko froga modura, baina horietan ez da auzipetuen parte-hartzerik frogatzen. Zaragozako Auzitegiaren ebazpenean bertan jasotzen denez, Espainiako Poliziak esandakoa beste "frogarik" ez zegoen sei gazteak kondenatzeko.

2022tik hona, kanpaina indartsu bat izan da martxan, sei gazteen absoluzioa exijitzeko. Espainiako Estatu osoan eskatu dute auzipetuak aske gera zitezela, Manifestatzea ez da delitua aldarritzat hartuta.

"Historiako gobernurik aurrerakoiena" ere erantzule

Zaragozako 6en espetxeratzearen harira, hitza hartu du berriki Libertad 6 de Zaragoza plataformak. "Egun hauetan, egoera politikoak lehen mailan jarri du bizitzen ari garen erasoaldi erreakzionarioa, eta bereziki pairatzen dugu erasoaldi hori eskubide politikoak eta irabazten hain zailak izan ziren konkista demokratikoak defendatzen ditugunok", adierazi du.

Espainiako Gobernuaren erantzukizuna ere seinalatu dute plataformatik. Izan ere, ohartarazi dutenez, "tresna polizialak, judizialak eta mediatikoak erabiltzeagatik eskuina salatzen du" gobernuak; baina, "beste alde batetik, eskuin horri indar handiagoa ematen dioten baldintzei eusten die". Horren adibide modura aipatu dute gobernuak Mozal Legea mantendu izana eta zigor kodea gogortu izana, bai eta atzerritartasun lege arrazista ere, "biztanleria migratzailea kanporatzeko eta makurtzeko pentsatuta baitago".

Libertad 6 de Zaragoza plataformak, hala, berriz aldarrikatu du auzipetuak aske gera daitezela: "Premiazkoa da berehala aske uztea bidegabeko zigor hori amaitzeko; are gehiago, eskuin muturraren gorroto-diskurtsoak salatzeko beren gorputza manifestazioetan jarri dutenak espetxeratzen dituztenean".

EZ DAGO IRUZKINIK