Amazon enpresa estatubatuarrak lobbyei lotutako gastu aitortua zuzendu du, Europar Batasunera bideratutako kontuei dagokienez. Europar Batasunaren gardentasun-erregistroan adierazi zuen 2,75 milioi euro inbertitu zituela iaz presio-taldeetan, baina zifra hori aldatu du orain.
Antza, Amazonek egindako aitorpena salatu zuten Corporate Europe Observatory, Centre for Research on Multinational Corporations (SOMO) eta LobbyControl erakundeek, enpresak presio-taldeetan benetan xahutzen duena islatzen ez zuelako. Azkenean, abuztuaren 30ean, presio-taldeetan eta think tank-etan gastatutako diru-kopurua eguneratu zuen Amazonek: esan zuen 5 eta 5,5 milioi euro artean gastatu zituela iaz.
Lobbyak aztertzen dituzten taldeek azaldu dutenez, Amazonek "presio-taldeen lanaz arduratzen diren 11 pertsona enplegatu ditu, 60 negozio-elkarteren parte da, hamaika ekitaldi egiten ditu, hamazazpi think tank ordaintzen ditu, eta Bruselako auzorik garestienean 800 m2-ko egoitza bat du". Datuen arabera, gainera, gora besterik ez du egin Amazonek presio-taldeetara bideratutako aurrekontuak: 2013an 450.000 euro aitortu zituen, eta 11 urte beranduago, hamar aldiz handiagoa da partida.
Teknologia-enpresa handienen artean Meta da lobbyetan gehien gastatzen duena, 9 milioi euroko aurrekontua du-eta. Microsoft dago ondoren, 7 milioiko aurrekontuarekin, Applek 6,5 millioi erabiltzen ditu, eta Googlek, azkenik, 6 milioi. Amazon, hortaz, seigarrena da rankingean.
Langileen lan-baldintzak aztertzeari uko egiteagatik, sarrera debekatu diote Amazoni
Amazonen biltegietako langileen lan-baldintzak aztertu nahi omen zituen Europako Parlamentuko Enplegu-Batzordeak, hainbat tokitan salatutako baldintza kaskarrek hautsak harrotu dituzte-eta. Trapagarango (Bizkaia) biltegian, adibidez, borroka abiatu zuten duela bi urte: soldatak oso baxuak dira, lanaldiak amaigabeak dira, lanordu osagarriak egitera behartzen dituzte eta, gainera, lan-erritmoak oso altuak dira. Greba egin zuten bertako langileek, bai eta Gipuzkoako zein Bizkaiko banaketez arduratzen diren azpikontratatutako enpresetako langileek ere.
Amazonek, ordea, ez du gaiaz hitz egin nahi. Antza denez, aipatutako batzorde europarrak bilera batera deitu zituen Amazonen presio-taldeko kideak, urtarrilaren 23rako, baina ez zioten telefono-deiari erantzun. Hala, presio-taldetzat jotzeko txartela kendu zieten, eta Europako Parlamentura sartzea debekatu zieten.