Atzo goizeko txandan, Zornotzako (Bizkaia) Aludium enpresako langileek "planto" egin zuten: uko egin zioten "oinarrizkoa ez den produkzioan" jarraitzeari, LAB sindikatuak berri eman duenez. Izan ere, Covid-19 birusaren harira, "funtsezkoa ez den jarduera" eteteko dekretua onartu zuen Espainiako Gobernuak, baina lantegi ugaritan lanean jarraitzen dute beharginek.
LABek azaldu duenez,
produkzio osoaren %10 inguru produktu farmazaeutikoetara bideratzen
dute Zornotzako enpresa horretan, baina egoera baliatuz, ekoizpenaren %75
martxan dute oraindik. "Horren adibide da, gaur gaueko txandako
langileak eraikuntzarako diren materialak ekoizten aritu direla", esan zuen atzo.
Enpresaburuen jarrera eta beharginen aurkako mehatxuak eta presioa salatzeko, langileek geldialdia egin zuten goizaldean. "Confebask eta Arantza Tapia sailburuaren aholkuak jarraituz, langileen osasuna defendatu ordez, produkzioa eta kapitala lehenetsi dituzte", salatu zuten. Madrilgo Gobernuaren erabakiarekin kritiko agertu ziren Eusko Jaurlaritzako sailburua eta Confebask.
Tubacex
Industriako beste hainbat enpresetan ere jarraitzen dute lanean. Tubacexeko zuzendaritzak, esaterako, Aiaraldeko lantegiak berriz martxan jartzeko asmoa agertu du. 600 bat langile ari dira Laudion (Araba) eta Amurrion (Araba), eta aurreko asteetan salatu zuten ez zeukatela segurtasun neurri egokirik.
Tubacex taldea aipatuta, gogorazi beharra dago bi langile erail zituztela iaz Amurrioko fabrikan, 25 eta 59 urtekoak.