AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Bultzada
2023/12/11 13:45

Joan den ostiralean, abenduaren 8an, 25 urte bete ziren faxista batek Aitor Zabaleta erail zuenetik. Madrilen izan zen erailketa, Atletico Madrilen eta Realaren arteko partida baten aurretik: polizia-agente batek Realeko hainbat zale taberna batera bideratu ostean, eraso egin zieten han Bastión talde faxistako kideek. Zale horien artean zegoen Zabaleta donostiarra ere, eta bihotzean sastakatu zuen faxistetako batek. Hainbat ordura hil zen 28 urteko gaztea.

Eraso faxista horren 25. urteurrena dela-eta, mobilizatzeko deia egin zuen Bultzada taldeak. Zehazki, aurreko ostiralerako jarri zuen hitzordu bat Donostian (Gipuzkoa), Zabaletaren omenez eta faxismoaren aurka. 19:00etan irten zen manifestazioa Bulebarretik, Memoria garelako, memoria dugulako lelopean. Milaka pertsona batu ziren mobilizaziora, Zabaleta oroitzeko oihu artean. Donostiara bertaratu ziren Euskal Herriko beste zaletu talde batzuetako kideak, baita Espainiako Estatuko beste hainbat talde antifaxista ere.

Pankarta nagusiaren atzetik, beste zenbait pankarta atera zituzten manifestazioan, faxistek eraildako beste hainbat lagun oroitzeko: tartean, Guillem Agulló, Franciso Javier Romero Jimmy edota Lucrecia Pérez. Ertzaintzak eraildako Iñigo Cabacas ere izan zuten gogoan, besteak beste.

Manifestazioaren amaieran, Bulebarrera itzultzean, hitza hartu zuten Bultzadako kideek. Nabarmendu zuten faxistak ez direla "ongi etorriak ez gure harmailetan, ez gure kaleetan".

Dokumental bat, gertatutakoa oroitzeko

Faxismoak Zabaleta erail eta 25 urtera, 1998ko abenduaren 8an gertatutakoa gogorarazteko dokumental bat ere sortu du Bultzadak. Memoria dugulako, memoria garelako izenpean, aurreko ostiralean eman zuen argitara ikus-entzunezkoa. Ondoko loturan ikus daiteke, osorik: https://www.youtube.com/watch?v=fyi8Tyx3MuY.

Faxismoa aztergai Beasainen

Zabaletaren hilketaren urteurrenari lotuta, Goierriko Kontseilu Sozialistak jardunaldi bat antolatu zuen aurreko ostiral goizerako. Beasainen (Gipuzkoa) izan zen jardunaldi hori, Goierriko Zentro Sozialistan. Lehenengo, faxismoari buruzko hitzaldi jendetsu bat egin zuten, "atzoko eta gaurko esperientziak" aztertuta, besteak beste. Gero, argazki bat atera zuten Zabaletaren omenez, eta Bultzadak Donostian deitutako manifestaziora batzera deitu zuten.

EZ DAGO IRUZKINIK