AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Twiterretik hartutakoa
2023/01/17 10:05

Une honetan, zalantzan dago aurrerantzean zein baldintzatan eten ahal izango duten haurdunaldia Gaztela-Leongo emakumeek. Alderdi Popularra (PP) eta Vox daude gobernuan, eta, ustez, ordezkariek asmo desberdinak erakutsi dituzte abortatzeko prozedura zehatzari dagokionez. Aurreko ostegunean, prentsaurreko batean, gobernuak protokoloa berrituko zuela adierazi zuen Juan Garcia Gallardo presidenteordeak (Vox). Osasun-langileak zenbait neurri betetzera derrigortuko zituztela iragarri zuen, "abortuaren drama sozialari" aurre egiteko eta abortatzeko asmoa duten emakumeek erabaki "askoz ere kontzienteagoak" hartzeko. Gallardok proposatutakoaren arabera, osasun-langileak derrigortuta egongo lirateke, besteak beste, abortatzera doazen emakumeei fetuaren taupadak entzuteko edota ekografiak erakusteko aukera ematera.

Alejandro Vazquez Osasun sailburuak (PP) ez zituen asmo horiek gezurtatu. Ostiralean adierazi zuen medikuak "estutuko" dituztela aipatutako neurriak har ditzaten; hala ere, ñabartu zuen ezin direla medikuak behartu "jarraibide politikoak" jarraitzera, El País-ek jaso duenez. Hurrengo egunean, adierazpen nahasgarriak egin zituen Alfonso Fernandez Mañueco presidenteak (PP), ez baitzuen Voxeko presidenteordeak esandakoa argitu edo ezeztatu, eta "jaiotza-tasa sustatzeko" asmoari erreferentzia egin baitzion.

Igandean esku hartu zuen Espainiako Gobernuak. Gaztela-Leongo Gobernuari eskatu zion abortuari buruzko "gaur egungo araudia urratzen duen neurririk ez onartzeko edo aplikatzeko". Instituzio bakoitzaren eskumenen arteko talkari buruz hitz egin dute ordutik hamaika hedabidek eta ahotsek, eta atzo izan ziren auziari buruzko azken berriak: Mañueco presidenteak atzo gezurtatu zuen haurdunaldia eten nahi duten emakumeak hertsatzeko neurriak hartuko dituztela Gaztela-Leonen. Orain arteko protokoloa mantenduko omen dute, eta "baliabide berriak" izango omen dituzte osasun-langileek. Guztiz argitzeke dago, dena den, zein neurri zehatz hartuko dituen gobernuak.

Gallardok azken egunetan aitortu du gustuko duela Hungariako eredua, abortuari lotutako protokoloari dagokionez. Iazko irailean aldatu zuen prozedura Viktor Orban buru duen gobernu kontserbadoreak: gaur egun, abortatu nahi duten emakumeak derrigortzen dituzte "fetuaren bizi-zeinuak" ezagutzera, hala nola, haien taupadak. Osasun-langileak behartuta daude horren ondoren txosten bat aurkeztera, abortatzeko asmoa erakutsi duten emakumeei "fetuaren bizi-zeinuak" erakutsi dizkietela baieztatzeko eta frogatzeko. Abortatzeko asmoz bertaratu diren emakumeek ere sinatu behar dute agiri bat. Bestalde, derrigorrezkoa da Hungarian haurdunaldia eten nahi duten emakumeei haurrak adopzioan emateko aukerei buruzko informazioa ematea.

EZ DAGO IRUZKINIK