AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Novaltiako langileen elkarretaratzea. Argazkia: eulixe.eus
2022/03/02 18:55

Botika produktuak banatzen dituen kooperatiba bat da Novaltia, eta lau planta ditu Espainiako Estatuan; inguruko farmaziak dira planta bakoitzaren jabeak. Bi biltegi ditu Novaltiak Hego Euskal Herrian, Gasteizen (Araba) eta Lezama-Zamudion (Bizkaia), eta bigarrenean piztu zen gatazka duela bi urte eta erdi.

Langileek prentsa oharrean azaldu bezala, hain justu, 2019ko uztailean hasi zen lan-gatazka. Duela zazpi urte haien ordainsariak %30 inguru jaitsi zirela azpimarratzen dute eta, gainera, ondorengo urteetan lan-baldintzek okerrera egin zutela. Hitzarmenaren aurreraeragina jarri zen martxan 2018ko otsailean —hitzarmenen ultraaktibitate bezala ere ezaguna, zeinak hitzarmen kolektibo bat adostu arte, aurrekoaren arauak mantentzen dituen—, baina hura igaro ahala, lan-itun berri baten eskaerak ezeztu zituen Novaltiak.

Hala, enpresak "hitzarmen propioa ordezkatu eta estatu mailakoa alde bakarrez aplikatu zuen, hitzarmenaren aurreraeraginaren epea amaitzean". Une horretan, 2019ko uztailean hain zuzen, kooperatibako langileek grebari ekitea erabaki zuten. Hainbat ziren eskaerak: "hitzarmen propioa, aparteko ordainsariak zein lekualdatzeengatiko plusa berreskuratzea, soldaten maila bikoitza zein kaleratzeak deuseztatzea, lanaldia txikitzea...".

Novaltiako zuzendaritzak, dena den, eskaerak ezetsi eta negoziazioak "birritan apurtu dituela" salatu dute langileek. Antza, nahiz eta gatazkatsuak ziren eskaerak moldatu dituzten eta gatazka eteteak kostu txikiagoa izan, uko egin die zuzendaritzak langileen batzordearen proposamenei.

Hori ez ezik, greba eskubidearen urraketak ugariak izan direla salatu dute langileek eta, ildo horretan, lan-arloko epaitegiak kondenatu izan du enpresa. Besteak beste, zuzendaritzak grebalarien lanpostuak bete ditu, oporretan zeuden langileen kontratuak zabaldu ditu edota merkantziak beste biltegietara bidali ditu, langileen greba ahuldu nahian. Lan-ikuskaritzaren jarduna ere seinalatu dute langileek, haien arabera, "Novaltiaren estrategia berriari lotsagabeki mesede egiten" diolako.

Mobilizatzen jarraituko dute langileek

Grebari eutsi eta mobilizatzera deitzen jarraituko dutela azaldu dute langileek. Lezama-Zamudioko biltegiaren zein farmazien aurrean batzen jarraituko dute, eta ostiralero egingo dituzte kontzentrazioak Bilboko (Bizkaia) Plaza Biribilean, 12:00etan.

EZ DAGO IRUZKINIK