AKTUALITATEA / Martxoak 3
1976an mobilizatu ziren 3.000 emakumeak oroitu ditu Gasteizko Itaiak
Duela 50 urte, eskuetan poltsa hutsak zituztela atera ziren kalera, eta Martxoaren 3ko borroka-testuinguruan emakumeek izandako parte-hartze aktiboa aldarrikatu du Itaiak. "Egun emakume langileok zapalduta jarraitzen dugu. Lekukoa hartu eta kaleak hartzea dagokigu", gaineratu du.
2026eko otsailaren 27 - 06:21
1976an mobilizatu ziren 3.000 emakumeak oroitu ditu Gasteizko Itaiak

Atzo izan zen Poltsa Hutsen Martxa deiturikoaren 50. urteurrena, eta bertan parte hartu zuten milaka emakume borrokalariak gogoratu ditu Gasteizko Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak. 1976ko otsailaren 26an, 3.000 emakumetik gora irten ziren kalera poltsa hutsak eskuetan hartuta, garaian izaten ari ziren langile-mobilizazioei lotuta. Prezioen gorakadaren aurka, soldaten izoztearen aurka, kaleratutako beharginen alde eta balizko errepresalien kontra mobilizatu ziren, besteak beste.

"Emakumeek modu aktiboan parte hartu zuten Martxoaren 3aren testuinguruko borroketan, izan fabriketako asanbladetan, Areition kasu, zein emakumeen asanbladetan", ekarri du gogora Itaiak: "Emakumeen jardunari esker borroka-subjektua hedatu zen, eta hilabete horietako ekimenak eduki politiko eta sozial propioz hornitu zituzten, borrokaren beraren dimentsioa biderkatuz". Emakumeek "greba-prozesuan izan zuten parte-hartzea erabakigarria" izan zela oroitarazita, "aktibo politiko bilakatu ziren emakume horien memoria" erreibindikatu du antolakundeak.

Borroka ez da eten

Duela 50 urteko borroken "gaurkotasuna" ere azpimarratu du. Izan ere, "emakumeon zapalkuntzaren gaineko kontzientzia hartu zuten emakume horiek", Itaiaren esanetan; "soldata-arrakala, lana eta familia bateragarri egiteko ezintasuna edo garaiko matxismoaren aurka borrokatu zuten".

Gaur egun ere "emakumeon aurkako zapalkuntzak bere horretan dirauela" seinalatu du, horren hainbat erakusle nabarmenduz: "lan sektore feminizatuetan esplotatuta jarraitzen dugu"; "faxismoaren indartzearekin matxismoaren normalizazioa gertatzen ari da"; eta"emakumeen eskubideak jopuntuan daude", abortu-eskubidea esaterako. Poltsa Hutsen Martxan parte hartu zuten emakumeak gogoan, "emakume horiei egin diezaiekegun omenaldirik onena borrokarekin jarraitzea dela" uste du antolakundeak.

Omenaldia eta borroka

Oroimen-ariketa eder bat egin dute Gasteizko Itaiako kideek azken asteetan: emakumeek 1976ko borroka-prozesuan izandako rola landu dute, Lisabe Velasco historialariarekin aurreko asteburuan egindako solasaldiaren bidez adibidez. Garai hartako hamaika irudi biltzen ere aritu dira, eta erakusketa ugari ipini dituzte Gasteizko hainbat gunetan; Aranako, Koroatzeko eta Txagorritxuko Bizanetan, El Pilar gizarte-etxean eta Botxo tabernan, hala nola.

"Emakumeon zapalkuntzaren aurkako borroka kalean dagoela argi dugu", adierazi dute. Horiek horrela, "klase-elkartasuna ipar", "gure zapalkuntzari aurre egingo dion emakume-fronte zabala osatzea" ezinbestekotzat hartu dute, "egoera okerrenean dauden emakumeen errealitateari erantzungo diona".

Mobilizazioak datozen asteetan: martxoaren 3a eta 8a

"Borroka ez da eten", baieztatu du Itaiak. Eta bi hitzordu garrantzitsu jarri ditu datozen asteetarako: martxoaren 3an, Gasteizko sarraskiaren urteurrenean, goizeko ikasle-grebara eta arratsaldeko Bloke Sozialistara batzeko deia egin du; Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS) 11:30erako antolatu du manifestazio bat, Andre Mari Zuriaren Plazatik abiatuko dena, eta Bloke Sozialista 17:30ean irtengo da Iparraldetik.

Martxoaren 8an, Emakume Langileon Nazioarteko Egunean, eguerdian egingo du manifestazioa Itaiak. 12:00etan hasiko da Andre Mari Zuriaren Plazatik.