Ertzaintzak 2024ko Martxoaren 3an Gasteizen egindako esku-hartze bortitza ikertzen ari zen auzitegiak artxibatu egin du auzia, Euspel erakunde polizialak jakinarazi eta elDiario.es atariak jaso duenez. Inpunitate polizialaren eta, zehazki, Ertzaintzaren zigorgabetasunaren beste adibide bat da honakoa, joan den ekainean Bilboko kaleetan milaka pertsonak salatutako kasu amaigabeen zerrendari batu zaiona.
Duela bi urte Arabako hiriburuan izandako gertakariak gogora ekartzearren, Gasteizko sarraskiaren 48. urteurreneko mobilizazioan kargatu zuen Ertzaintzak. Hiriaren erdiguneko El Corte Ingles saltokitik gertu, manifestarien aurka oldartu ziren poliziak: foam jaurtigaiekin eta borrekin zauritu zituzten hainbat manifestari, eta atxilo hartu zituzten zenbait lagun, bortizkeria handiz. Hori gutxi balitz, polizia-furgonetarekin pertsona bat harrapatu zuten ertzainek, hanka zanpatuz.

— ARGAZKIA Endika Portillo/FOKU
Kargen bukaeran sareetan zabaldu ziren hainbat iruditan ikus zitekeen gomazko pilotak ere jaurti zituztela agenteek egun horretan.

Manifestazioan infiltratutako gutxienez polizia-agente bat bazela baieztatu ahal izan zen Martxoaren 3 hartan, hainbat hedabidek zabaldutako irudietan ikusi ahal izan baitzen kalez jantzitako lankide bat kolpatu zutela ertzainek.
