Gasteizko (Araba) Justizia Jauregian egin diete epaiketa gaur hiru pertsonari, 2021eko urtarrilean, hamabost lagunen etxegabetzeari aurre egiteagatik. Zigor altuak eskatzen zituzten auzipetuentzat, lau urte eta erdira arteko kartzela-zigorrak eta 25.000 eurorainoko isunak, baina horiek jaistea eta kartzela ekiditea lortu dute. Hala ere, isun handiak ezarri dizkiete epaituei: 12.000 eurotik gorakoak, hain zuzen ere.
Auzipetutako kideei babesa emateko, elkarretaratze bat antolatu du Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, eta 10:30erako, jende ugari bertaratu da Justizia Jauregi aurrera. Errepresioaren aurrean, klase elkartasuna lelopean egin dute kontzentrazioa, hiru auzipetuak epaitzen zituzten bitartean.
Azkenean jarri dizkieten zigor ekonomikoei aurre egiteko, elkartasun-jaialdi bat izango da uztailaren 5ean, Gasteizen bertan. Euskal Herriko beste hainbat herritan ere antolatuko dituzte jaialdiak hurrengo hilabeteetarako, isunak ordaintzen laguntzeko. Aurrerago emango dute deialdi zehatzen berri.
Beste 70.000 euroko isunak
2021eko urtarrilaren 26an, Herrandarren kaleko etxebizitza birjabetuak hustu eta hamabost pertsona etxegabetu zituen Poliziak, hainbat adingabe barne. Gasteizko Etxebizitza Sindikatuak kaleratzearen kontra mobilizatzeko deia egin zuen, eta jende ugari bertaratu zen etxegabetzea geratzeko asmoz. Ertzaintza bortizki oldartu zitzaien: gutxienez lau lagun zauritu eta hiru atxilotu zituen.
Aurretik, sindikatuak beste 70.000 euroko isunei ere egin behar izan die aurre, etxe-kaleratze berari lotuta. Egun horretan bere etxea defendatzeagatik atxilotu zuten kideetako bat, gainera, deportatzen saiatu ziren polizia-indarrak. Sindikatuak egindako presioari esker, deportazioa etetea lortu zuten azkenean. Bestalde, momentuz, hutsik jarraitzen dute duela lau urte hustutako etxeek.