AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/02/13 09:32

Greba mugagabean daude Gasteizko (Araba) hiri-autobusetako beharginak. Tuvisa udal enpresak kudeatzen du zerbitzua, eta ez berak ez Gasteizko Udalak ez dituzte beharrezko bermeak eman langileek egindako eskaerei dagokienez, bai euren lan-baldintzak bai autobusetako zerbitzua bera hobetzeko asmoz. Beraz, hainbat hilabetez borrokan aritu ostean eta lanuzte nahiz mobilizazioak egin ostean, greba mugagabera jotzea erabaki dute langileek.

Aurreko larunbatean izan zen aurreneko eguna, eta behargin guzti-guztiak batu ziren greba deialdira: %100eko erantzuna izan zen. Berdin izan zen hurrengo egunean nahiz astelehenean; aurreneko laneguna. %30eko gutxieneko zerbitzuak ezarri dizkiete, eta horiek dira martxan diren bakarrak.

Atzo goizean, auto-karabana bat egin zuten beharginek Gasteizen barrena. Arratsaldean, berriz atera ziren kalera: mobilizazio bat egin zuten hirian zehar, Andre Mari Zuriaren Plazaraino. Aldarri ugari eraman zituzten; "lan suntsipenaren aurka" eta "kalitatezko zerbitzu baten alde", besteak beste.

Lan-baldintzak eta zerbitzua hobetzeko Tuvisako langileek egindako eskaera nagusietako batzuk izan dira, adibidez, "lineako autobusen galera saihestea, Tuvisako pribatizazioak iraultzea, lan-hitzarmen berri bat negoziatzea, benetako lanaldiaren erregistroa egotea", eta abar. Atsedenaldiak ere exijitu dituzte, baita ibilgailu berri kopurua handitzea ere.

EZ DAGO IRUZKINIK