Martxoaren 3aren 50. urteurrena izan zen atzo. Herri-mugimenduek gidatuta hainbat mobilizazio egon ziren Gasteizen egunean zehar, tartean, ikasle-mobilizazio handiak goizean eta bloke jendetsuak arratsaldean. Dudarik gabe, 1976ko oinordekotza politikoa ordezkatzen dute mugimendu horiek. Ez horrela, ordea, lore-eskaintzak tarteko, beraien aurpegia zuritzera joan ziren Pradalesek, Estebanek edo PSEko buruzagiek. Izan ere, egun agintean dauden alderdiek berdin jarraitzen dute, enpresarien interesak lehenesten eta mugimendu sozialak isuntzen eta kriminalizatzen. Estatuek Martxoaren 3aren tamainako krimenak egiteko inpunitaterik ez izatea garrantzitsua da; horregatik dira garrantzitsuak erreparazioa eta aitortza. Alabaina, ezin dugu onartu egungo langile-mugimendua zigortzen dutenen aurpegi zuriketarik.
Martxoaren 3ko mobilizazio-testuingurua probestuta, EAJ eta bere inguruko komunikabideek, El Correo eta ETB tartean, ikasle-mugimenduaren eta oro har Mugimendu Sozialistaren aurkako kriminalizazio-kanpainarekin jarraitu dute. Gasteizko unibertsitatean egindako ekintza informatibo batetik eskandalu bat sortzen ahalegindu ziren astelehenean, eta atzo istilurik egon ez zenez, kuota kriminalizatzailea txorakeriekin betetzen ari dira. El Correo-k albiste lotsagabe bat egin du atzo goizean ikastetxe batean IASeko militanteek eskuorriak banatu zituztelako. Non jarri nahi dute eskubide politikoen aurkako debekuen langa alderdi eta komunikabide horiek? Zaila ari da izaten horien guztien jarduna eskuin muturrarengandik bereiztea. Asteak daramatzagu berdina errepikatzen: EAJ, bere gainbehera eta proposamen falta dela-eta, testuinguru politikoa lokaztean interesatu da. Mugimendu Sozialistaren aurkako kriminalizazio-kanpaina bat dute martxan duela batzuetatik, inolako eskrupulurik gabe eta egiari erreparatu gabe egiten ari direna, zenbait komunikabide eskuindarren laguntzarekin. Istiluak egon zitezen desiratzen zeuden atzo, baino egon ez zirenez, bestelako albiste kriminalizatzaile batzuk ekoiztu behar izan dituzte.
Intoxikazio-estrategia horien gainetik, atzo indar-erakustaldia egin zuten Gasteizko IASek eta Mugimendu Sozialistak. Hainbat hilabetetako lan militanteak, egindako batzar guztiek, hitzaldiek edo egunerokoan egindako agitazioak bere fruituak eman zituzten, eta atzo gasteiztar andana mobilizatu ziren IASen deialdian; baita arratsaldeko Bloke Sozialistan ere. Eguneroko lan ikusezin hori da bidea, eta emandako pauso bakoitza, txikia izanagatik, zimendu bat gehiago da jendarte aske baten aldeko borrokan.