AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
2020/05/27

Versión en castellano

Patxi Ruizek irekitako borrokaldiak Euskal Herriko panorama politikoari berebiziko elementuak gehitu dizkio. Preso guztien aldeko eskubideen borroka abiarazteagatik jaso zituen mehatxuetatik hasita, ospitalizatu ostean gose grebarekin jarraitzera arte, tartean aste bete baino gehiagoko gose eta egarri greba gaindituta, kalean emandako borroka zein talkek sektore ezberdinen arteko ezaugarritzea argitu du, gehiago argitu bazitekeen behintzat.

Alde batetik, Euskal Herriko sektore baten aktibazioa ikusi dugun bitartean - hein handi batean, duela gutxi militatzen hasi berria den belaunaldi gazte iraultzaileak bultzatuta-, realpolitik-aren parte diren alderdien posizioa ohikoa izan da: PSOE-Podemos gobernuak ez du bere nahien arabera inprobisatzeko gaitasun efektiborik, eta ez du euskal presoen izaera politikoa onartu nahi. Lehenengoak erakutsi du «trantsiziotik» aurrera,  Estatu espainiarraren egonkortasunerako alderdi burges aproposena dela behintzat. Jarrera honekin, gainera, Europar Batasunaren interesak bere horretan mantentzeko konfiantzazko alderdia da ordudanik. Bigarrenari dagokionez, 15M mugimenduak piztu zuen esperantza laburra bere mesedetara aprobetxatu zuen akademiko sozialdemokraten alderdia, parlamentu burgesean egoera errotik aldatzeko zirrikitu horiek existitzen ez direla ikusteko garaia iritsi zaie, Greziako Syriza alderdiaren esperientziatik ikasi ez balute bezala. PSOEk, Euskal Herrian sortu litekeen proposamen iraultzailea lurperatzeko tresna guztiak eraiki ditu historikoki eta eraikitzen jarraitzen duen bitartean, Podemos parlamentuko eserlekuetan egoteko klase borrokaren parametroak ukatzera derrigortuta dago, PSOE-k zein beste alderdi politikoek eraikitako mutilatze prozesu legala onartuz, hain zuzen. Dakigun bezala, beraien etxeko sarrera ez da doakoa, eta dirua soberan dutenez, obedientziarekin ordaindu behar da. Podemosen kasuarekin antzekotasunak ditu, nire ustez, EH Bilduren prozesuak: sozialismoaren eraikuntza ekuaziotik kanpo utzita Espainiar instituzio burgesean koalizio profesional gisa jorratzen dabil bere bidea, erreformaren alorrera mugatzen diren helburu estrategikoak joko-zelai horretan lortuko dituenaren esperantzarekin. Egindako bidea zein parlamentu burgesek suposatzen duten asimilazioa aztertuz, Ezker Abertzalearen printzipio historikoak diren Independentzia eta Sozialismoa lortzeko ezintasuna agerian gelditu da, blokeo politikoko egoera batera helduz. Gehitu beharra dago, espainiar parlamentuan parte hartu ahal izateko estrategia berriak amnistia osoaren kontzeptua alde batera uztea ekarri zuela, euskal preso politikoen auzia aterabide indibidualetan kokatuz. Honek, euskal presoak preso politiko modura aldarrikatzea kolokan jarri du askotan, askatasun osoa aldarrikatu eta borrokatzetik soilik salbuespen egoerarekin amaitzeko aldarrira mugatu baitira -argi utziz, azken aldarrikapen hau lortzea ere ezinbestekoa dela-.

Instituziogintza burgesaren parte diren espresio ezberdin hauek, bakoitzak konnotazio ezberdinak baditu ere, oreka berdin baten parte dira gaur, beraz. Espainiar konstituzioak duen arautze burgesa obeditu behar dute, derrigorrez arautze honetatik kanpo kokatu behar den indar iraultzaileak suntsituz edota indar hori eratzearen ideia alde batera utziz. Burgesiak markatzen du espainiar Estatuaren bide-orri oro, alderdi burokraten, legalitate eta ideologia burgesen zein biolentziaren monopolioaren bitartez. Proposamen estrategiko sozialista, nazio zapaldu baten testuinguruan gainera, ezeztatuta dago Estatuaren beraren tresnekin. Joko-zelai honetan agortuta azaltzen zaigu preso politikoen amnistia lortzeko gaitasuna.

Honengatik, proposamen berri bat eraikitzeak gure boterea parlamentarismotik at ekoiztea dakar, nahitaez, eta konkretuan preso politikoen askabiderako alternatibak ere kaletik ekoitzi behar ditugu, proletalgoaren espazio naturaletik, hain zuzen ere.

Patxi eta berarekin elkartasunean dauden beste kide askoren borrokek, AEAM-k azken urteetan egin duen lanarekin batera, momentu berri bat estreinatzen dute. Amnistiaren aldarria berriro ere mahai-gaineratu da eta kontzeptu politiko honen garrantzia estrategikoa dagokion lekuan jarri eta ekiteko unea da. Amnistiaren aldeko borroka osotasuna antolatzen duen estrategia politiko baten parte izan behar da. Klase borrokaren egungo elementuetara egokituko den estrategia politiko berri baten parte. Aurreko hamarkadetako zein gaurko begirada kritikotik estrategia interklasistaren porrota agerikoa den honetan, klase independentzian oinarrituriko estrategiaren bitartez birkonfiguratu behar dira Independentzia eta Sozialismoa printzipioak. Inoiz baino gehiago, Euskal Estatu Sozialistaranzko bide-orria aukera estrategiko erreal bilakatzeari ekin behar diogu. Kapitalari berezkoa zaion antagonismoan, subjektu politiko bihurtzeak preso politikoen existentzia sortzen duela frogatuta dago eta gure lurraldean inoiz baino gordinago ezagutu dugu tesi hau. Horrela, estrategia proletarioari immanentea izan behar zaio Amnistia, honi dagokion kontzepzioa garaipen politikoari estuki lotuz berriro ere. Amnistia bera egiturazko egoerak sortzen duen antagonismo eta gudari aurre egiteari atxikia zaion kontzeptua da; eta honen lorpena indar korrelazio konkretu baten ondorioa besterik ezin daiteke izan. Hau da, preso politikoen amnistia osoa garapen estrategikoaren nahitaezko momentua izan behar da, gure indar korrelazioa etsaiarekiko parekatuta dagoen momentutik aurrera gauzatu ahal dena, klase-etsaiarekiko inposizio zuzenaz.

Estrategiaren garapena ahalbidetzeko, gainera, espetxeetan dauden preso politiko zein preso sozialen auzia jorratzea ezinbestekoa da. Patxiren borrokak ahaztuta zegoen borroka modalitateak zabaldu ditu espetxe barruko borrokak kaleekin urtuz. Euskal preso politikoen eta espetxeen artean beti existitu izan da talka. Lehenengoek, historikoki, espetxe barruan ere eskubideen alde borrokatu dute, beraien izaera politikoaren defentsan, ordezkatzen duten proiektu politikoaren defentsan, batik bat. Espetxearen funtzioak, berriz, kontrako bidea adierazi izan dute beti, Zigor Garro euskal preso politikoak ARTEKA hilabetekarian eginiko azalpenak argi adierazten duen bezala: «(…) kartzela ikusi behar dela sistema kapitalistaren erreproduzkio miniaturazko bat bezala. Klandestinitatea askatasunaren paroxismoa den modura, sistema kapitalistaren paroxismoa da kartzela. Finean, langile otzanak behar ditu kapitalismoak eta horretarako bitartekoak ditu, eskola batez ere. Eta eskola eta kartzela oso lotuta daude: autoritateari men egin, ordutegiak, planifikazioa, arbitrariotasuna, garun garbiketa. Umeak bezatzeko eta langile otzan bilakatzeko instituzioa da eskola. Kartzelaren funtzio soziala eta politikoa, aldiz, behar beste otzandu ez direnak otzantzea da, eta batez ere, mehatxua gorpuztea.»

Patxiren borrokak eragin dituen posizio politikoek, hasieran esan bezala, berebiziko elementuak gehitu dizkio Euskal Herriko egoera politikoari. Etsaiaren joko-zelaitik at eraiki behar dugun boterearen parte izan behar dute preso politiko zein sozialen aldeko eta espetxea den instituzioaren aurkako borrokek, guzti hauen izaera politikoa mantenduz eta uneoro bizi dugun eta biziko dugun errepresio sistematizatuaren aurka antolatuz. Azken finean, Euskal Herria zein mundu osoa menderatzen duen botere burgesa suntsitu arte ez da guda amaituko.