AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Versión en castellano

Oso triste nago. Aukera paregabea nuen Ikuspuntu honetan COVID-19 gaitzaren harira unibertsitateko irakaskuntzan ematen ari diren neurri liluragarriei buruz hitz egiteko, baina azken egunetan gobernuek beka eta tasen inguruan hartutako neurriak ikusita horiei buruz hitz egitea beste aukerarik ez dut oraingoan. Ezingo dut azaldu ez duela inolako zentzurik unibertsitateak «gomendio» batzuk emateak gero inork ez badie kasurik egingo. Ezingo dut hausnartu nola nahi zuen errektoretzak Bolonia aplikatzen hasi zenetik ezartzea lortu ez duen ebaluazio jarraiaren fantasia gauetik egunera aplikatzea, ez web kamera erabileran eskuak nola garbitu dituzten, ez nola erabili den «katedra askatasuna» marroi guztia departamentu eta irakasle bakoitzaren esku uzteko. Baina, batez ere, ezingo dut salatu kurtsoa honela amaitzeko inolako baldintzarik ez zegoela denok genekienean sudurraren puntan jarri zaiena egin eta inprobisatu dutela unibertsitatearen ospe preziatua ez galtzeko. Tira, azken finean neurri horien ikuskizun kafkiarraz lehen pertsonan gozatzeko aukera izango du artikulu hau irakurriko duen gehiengoak, beraz hobe kostuen inguruan ematen ari diren erreforma hauen inguruan aritzen banaiz, dugun informazioa urriagoa bada ere.

Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) 6 kredituko irakasgai baten lehen matrikulak 97,50 eta 138,30 euro artean balio du. Horrez gain, lehen matrikulatik bigarrenera bakarrik kreditu bakoitzaren prezioa bikoiztu egiten da, hirugarrenean bikoiztu baino gehiago… Telekomunikazioetako ingeniaritza adibide gisa hartuta, OCU kontsumitzaileen elkartearen arabera 2017an 3 autonomia erkidegotan soilik zen Nafarroan baino garestiagoa gradu hau ikastea[1]. Egoera horrek tasen merkatzea lortzeko borroka luze batera garamatza, Bolonia planaren baitan ECTS (Europar kreditu sistema) ezarri zenetik eman den tasen garestitzeak are gehiago gogortu duen borrokarekin batera. Kurtso honetan bertan behin eta berriro errepikatu du UIBk ikasketa kostuak merkatzeko beharra, unibertsitatean ireki den borroka lerro nagusi bat izateraino. «Bekak hobetu, tasak merketu» lema pean bi aldarrikapen sinple horiek azken bururaino eraman dira EHUn eta NUPen egindako kanpainan, martxoaren 26ean greba bat deitzeraino, nahiz eta azkenean ezin izan den egin.

Kanpaina eta orokorrean auzi honen aurrean denek botatzen dute pilota bestearen teilatura (unibertsitateko auzi guztietan bezala): unibertsitateek gobernu autonomikoari, honek gobernu zentralari, honek autonomiei eta EEESri (Espacio Europeo de Educación Superior) eta abar. Amalgama administratibo honetan galtzen garen bitartean, hamarkada oso bat pasa dute tasek igotzen edo berdin mantentzen. Baina instituzio kapitalista gutxi libratu dira COVID-19 gaitzaren astinaldiaz, eta unibertsitatea ez dago horien artean. Izan ere, Espainiako gobernuak matrikularen prezio publikoa jaisteko erreforma bat jarri du martxan. Langile klasearen defentsarako gobernu gisa izendatu dute hauek, eta askotan sozialista edo komunista bezalako kalifikatiboekin definitu dute.

 «Así, la disposición final séptima incluida en este real decreto-ley elimina el sistema de horquillas, que ha impactado de forma significativa sobre la estructura de precios. Este sistema ha conllevado, (…) un incremento de los mismos ­–precios– en términos generales (…) afectando de forma grave al acceso a la educación universitaria pública (…). De esta forma, se fomenta el acceso a la enseñanza superior pública y evita que los altos precios públicos universitarios provoquen inequidad y abandono de estudios». Hori maiatzaren 6ko BOEko pasartea da[2]. Aipatzen den «urkila sistema» hori 2012an (PPren gobernua) ezarri zen, matrikularen prezio publikoa ikasketen kostuen portzentajeen tarte batean zehaztu behar zela ezarri zen. Hala, Madrileko gobernuak unibertsitate guztietarako finkatu zuen bigarren matrikularen prezioak adibidez matrikula horren kostuaren %30 eta %40 artean egon beharko zela. Ni hau idazten ari naizela, oraindik ez da finkatu zein izango den matrikularen prezioa, baina dirudienez Castells ministroak 2011ko prezioa maximo bezala proposatu nahi du, orain arte egondako igoera guztia desegiteko.

Horren guztiaren kontakizuna erraz eraiki dute: aurreko gobernu gaiztoak egindako murrizketak atzera bota dituzte egoera zail honetan egonda ere. Langile klasea zortekoa da, gero, justizia proletarioaren gerlari hauek gobernuan izanda, bai horixe. Dena den, kuriosoa da neurri hauek Eusko Jaurlaritzaren neurriak baino egun pare bat beranduago iritsi izana. Azken neurri horien mugak ere azaleratu dira[3], baina ez dira atzean geratu: irizpide akademikoak erlaxatzea, suspenditutako irakasgaien exentzioa, ordainketaren zatikatze handiagoa… Ai ama! Zer esan nahi du honek? EAJ ere sozialista dela? Bueno agian Ortuzar ados dago «currela» defendatzearekin, baina nik uste bestelako azalpen bat duela horrek. Izan ere, urkila sistema honen baitan autonomia erkidego bakoitzeko gobernuak bazuen prezioa ezartzeko ahalmena, lehen matrikula, adibidez, %0an jar zitekeen, ezta? Ez al dute orain izan, bada, langile klasearen alde matrikularen prezioa jaitsi nahi dituzten horiek 2011tik autonomia erkidegoetako hainbat gobernuren gaineko kontrola? Erkidego bakoitzak dekretu bidez zehaztu ditzake tasak ikasturte bakoitzean markatutako mugen barruan, beraz, urrutiegi joan gabe EAEn Jaurlaritzan egondako PSE edo legegintzaldi honetan bertan Nafarroako erkidegoan dagoen PSNk jaisteko aukera izan dutela esan dezakegu.

Ez nuke joko parlamentarioan sartu nahi alderdi bat edo bestea tasak jaitsi edo igotzearen alde dagoela esanez, izan ere, beti argudiatu liteke Espainiako gobernutik hartutako erabakiak «ezkertiarragoak» izan direla, neurri horiek Unidas Podemosek bultzatu dituela eta ez PSOEk, aurrerapauso bat dela pauso handiagoak eman baino lehen… Horreka, bederen, ezingo ginateke inoiz sorgin-gurpil horretatik atera. Nola da posible orduan politika berdinek edozein alderdi dagoen gobernuetarako balio izatea? Bada auzia ez delako alderdi baten edo bestearen borondate on edo txarragatik ematen direla aldaketak, egoerak behartzen duelako baizik. Hala, hemendik gutxira krisiak gogor jo eta administrazio publiko guztien zor publikoa handitzen denean berriro «arrazionalizatu» beharko du gastua gobernuan dagoen alderdiak, edozein koloretakoa izanda ere. Era berean, egun bizi dugun egoerak norabide bereko erabakiak hartzera bultzatu ditu «eskubiko» alderdi bat eta «ezkerreko» bi alderdiren gobernua.

Ikusi beharko da Castells jaunak autonomia erkidegoei proposatutakoa nora iritsiko den (ziurrenik hau irakurtzen ari zaretenerako gehiago jakingo dugu), eta poztekoa litzake 2011ko prezioetara itzultzea. Azaleratu nahi dudana da prezioak aldatzen badituzte, egoera asko okertuko denaren ziurtasuna dutelako izango dela, eta, ez, langile klasearen baldintza materialak hobetu nahi dituztelako. Hau da, baldintza materialak era eraginkor eta egonkorrean aldatzeko modu bakarra unibertsitatearen izaera kapitalista gainditzen duen programa baten errealizazio-prozesua dela, langile klase antolatuaren indar korrelazioa, eta ez unean une sortzen den koiuntura parlamentarioa.