Kubaren egoera oso larria da. Itzalaldiak eta erregaiaren eskasia ohiko errealitate bilakatu dira eta eguneroko bizitzaren arlo guztiak kaltetzen ari dira; garraioa, elikagaiak eta ura eskuratzeko aukera, osasungintza, hezkuntza eta abar. Iraultzaz geroztik AEBek Kubaren aurka izan duten politika isolazionista eta kriminalen ondorioa da. Azken urteetan, gainera, Trumpek biziagotu egin du blokeoa, baita interbentzio militar baterako mehatxua ere urtarrilaren 3az geroztik, Venezuelan indarrez sartu eta Nicolas Maduro presidentea eta Cilia Flores bahitu zituztenetik, 32 soldadu kubatar erailtzearekin batera.
AEBen blokeoak galarazi egin dio Kubari munduko merkataritzan normaltasunez eta gainontzeko herrialdeen baldintza berdinetan parte hartzea, eta erabat baldintzatu du politika belizista horrek proiektu sozialistaren garapena. Sobietar Batasuna desegin arte, hala ere, blokeoaren eraginak nabarmen gutxitzen zituen bloke sozialistaren babesak, baita, neurri batean behintzat, Hugo Chavezen Venezuelarekin egin zuten aliantza estrategikoak ere. Egun, inoiz baino bakartuago dago Kuba. Batetik, komunismoaren egoera internazionala dela eta, baina, batez ere, blokeoa gogortu diotelako: Trumpen gobernuak Kuba terrorismoa babesten duten herrialdeen zerrendan sartu zuen, eta isunak, murrizketak eta presioa erabiltzen hasi zen Kubarekin harremanak zituen munduko herrialde guztien aurka. Neurri horrek eta Venezuelaren gaineko eraso inperialistak eragin du ia erregairik ez iristea uhartera.
Baldintza horietan egonda ere, historikoki ongizate-tasa altuak lortu ditu Kubak. Muturreko pobretzea eta analfabetismoa desagerraraztea lortu zuten; baina ez hori bakarrik, garapen zientifiko, teknologiko eta kulturalaren erreferentea da mundu mailan. Zer esanik ez osasungintzan. Gaur-gaurkoz, eta blokeoaren inoizko egoera krudelenean, biztanleriaren ongizatea neurtzeko adierazle asko mantentzen ditu AEBetakoak baino hobeto, alfabetatze-tasa eta haurren heriotza tasa esaterako, eta herritarren bizi-itxaropena ere ia berdina da bi herrialdeetan. Hala eta guztiz ere, begi-bistakoa da kubatarren bizi-baldintzak kaskartzen joan direla SESB erori eta AEBen blokeoa gogortu ahala.
Terrorismoaren gaira itzulita, zinismo-ariketa erraldoia da mundu guztian terrorea, gerra eta zapalkuntza zabaldu dituen potentzia inperialistak terrorismoa babestea leporatzea askatasunaren, duintasunaren eta elkartasunaren erreferentea den herrialdeari. Ikusi besterik ez dago, bestela, 60ko eta 70eko hamarkadetako deskolonizazio-prozesuetan zein aldetan zegoen bakoitza. Hegoafrikako apartheidarekin amaitzeko, adibidez, ezinbestekoa izan zen Kubaren interbentzio militarra Afrikan, independentzia prozesuen alde; AEBek, aldiz, Erresuma Batuarekin batera, apartheida babestu zuten ia azken unera arte. Mandelak zioen Kuba izan zela herrialde bakarrenetakoa munduan Afrika lagundu zuena, trukean ezer espero gabe.
Internazionalismo kontsekuentearena izan daiteke Kubako Iraultzak utzi digun lezio garrantzitsuenetakoa. Injustiziak munduko edozein lekutan izanda ere bakoitzarenak bezala sufritu eta sentitzeko Cheren lelo hartatik abiatuta, Hego Amerikako eta Afrikako hamaika txoko mediku-brigadaz edo gerrillariz hornitzea internazionalismoaren adibide ezin hobeak dira. Eta horrela ulertzen zuen munduko langileriaren zati handi batek ere. Ikusi besterik ez dago, bestela, nola jaso zuten Castro 1960an New Yorkeko langile-auzo afroamerikar hartan.
Orain, Kubak behar duenean, gainontzekoon txanda da lezio internazionalista hori praktikara eramatea, ahal dugun neurrian behintzat. Horregatik, komunistok Kuba sufritzen ari den blokeo kriminala salatzen dugu, eta horrela egingo dugu areagotzen jarraitzen badu edo interbentzio militar eta inperialistaren bat gertatzen bada bertan, Venezuelaren eta Iranen kasuan egin genuen bezala. Baina, gainera, beharrezkoa da blokeoa hausteko gure esku dagoena ere egitea, eta norabide horretan elkartasuna saretzeari ekin behar diogu. Erakutsi diezaiegun kubatarrei ez daudela bakarrik, eta Ipar Amerikako agintariei haien mundu-ordena bidegabe eta genozidaren aurka gaudela.
Burgesia yankiak ez die inoiz komunistei barkatu Karibeko uharte txiki hura borrokaren, gizateriaren eta garapenaren erreferente internazionala bihurtzea. Nahiago zuten haientzako resort erraldoi bat izaten jarraitu izan balu, kubatarrak miseriara eta esplotaziora kondenatzen zituena. Marko Rubio berak ere badirudi obsesio pertsonal moduko bat daukala gobernua botatzearekin, eta, hori lortzeko, ez zaiola axola milioika lagun pobreziara eta gosetera kondenatu behar baditu. Baina, hortik haratago, Kubaren aurkako erasoaldi berri honek bere lekua dauka AEBen doktrina inperialista eguneratuan, bloke inperialista hegemonikoaren dekadentziarekin eta potentzia berrien garapena oztopatzearekin zerikusia duena.
Izan ere, azken hilabeteetan ikusten ari garena da AEBek beren influentzia-esparrutzat hartzen duten guztia bereganatu eta segurtatu nahi dutela. Amerikako kontinente osoa, Karibe eta inguruak Washingtonen mundu-ordenaren barnean kokatu eta haren esanetara jarri nahi dituzte, lehengaien gaineko kontrol zuzena izateko eta Kontinentean Txinak eta Errusiak izan dezaketen garapena ekiditen saiatzeko. Venezuelako adibidea argia da: presidentea bahitzeak herrialdea arpilatzea ahalbidetu dio, eta logika berean kokatzen dira berriki Kanadari, Groenlandiari eta Kolonbiari egindago mehatxuak ere.
Trumpen administrazioak Kubarako daukan eskaintza xantaia anker bat baino ez da. Hamarkadetan zehar eraiki dituzten parte-hartzerako eta gobernantzarako instituzioak desegin nahi ditu; baita hezkuntzara, osasungintzara eta abarrera duten sarbide unibertsala ere, garapen sozial eta kultural guztiak atzeratzearekin batera, gutxi batzuek bertan negozioa eta milioiak egin ditzaten. Eta hori onartzeko mehatxua gerra da, Venezuelan eta Iranen bezala. Badirudi Kubako Gobernuak makurtu gabe eta sistema politikoa ukitu gabe negoziatzeko duen marjina txikia dela, eta inperialismoaren arranoak ulertzen duen hizkuntza bakarra indarrarena dela. Azken boladan, agian, inoiz baino gehiago.
Jarrai dezagun Kubaren aldeko elkartasuna saretzen, ahoz eta ekintzaz, eta jarrai dezagun inperialismoaren terrorea forma guztietan salatzen. Beharrezkoa da langileriaren erreferente internazional bat sortzea, masa-antolakunde eta alderdi komunista forma izango duena hasieran, eta gai izango dena estatu sozialistak sortzeko ondoren. Beharrezkoa da langileen interesen alde eta unibertsalismoaren arabera jardungo duten agente politikoak eraikitzea, Kubaren lezio internazionalista gure egitetik hasita; kontrara, bestela, langileria kondenatuta baitago gerra eta inperialismoa zabaltzen ari diren mundu honetan herrialde bateko edo besteko burgesiaren interesetara azpiratuta geratzera.